Les Abellesen aurka jokatuko du Ampo Ordiziak asteburuan
Filomena denboraleagatik atzeratu zen Les Abellesen kontrakoa. El Salvadorren kontrako partidaren data berria ere jarri du Federazioak; otsailaren 28an izango da
Hiru asteburu otsaila bukatzeko, hiru partida errubgiko Ohorezko Mailako lehen fasea amaitzeko. Denboraldia normal joan balitz, lehen itzulia amaitzeko partida bakarraren faltan izango zatekeen Ampo Ordizia, baina, Filomena denboraleagatik partida bat Les Abellesen aurkakoa, eta COVID-19an positiboengatik beste bat El Salvadorren aurkakoa, bertan behera geratu zirenez, atzeratutako bi jardunaldiak ere jokatu beharko dituzte hurrengo asteetan. Ondo bidean, Les Abellesen bisita izango dute igandean Altamiran; otsailaren 21ean oraintxe sailkapenean bigarren den Madril Alcobendas taldearekin neurtuko dira, Altamiran baita ere; eta azkenik, otsailaren 28an, El Salvadorren aurkakoa, Koparako txartela jokoan izango duena. Otsaila nota onarekin gainditzen badute, etenik egin gabe, bigarren itzulian sartuko dira.
Dudarik gabe, hilabete garrantzitsua du aurretik Ampo Ordizia taldeak. Sailkapen nagusian ondo kokatuta dago, eta gauzak gehiegi okertzen ez bazaizkio behintzat, aukera asko ditu bigarren itzulian talde onenekin sartzeko. Dena den, Iñigo Marotias entrenatzaileak nahiago du hain aurrera ez begiratzea, eta asteburuan Les Abelles-en aurkakoan ditu jarrita zentzu guztiak. Osasun krisiak ziurgabetasun handia ekarri du eta edozein momentutan posible da beste partidaren bat ere bertan behera geratzea, beraz, nahiago du «astean-astean joan».
Beraz, hurrengo arerioan baino ez du pentsatzen Marotiasek: «Les Abelles nahiko gorabehera izaten ari da denboraldi honetan. Ikusi dugu arerio indartsuen aurka gauzak oso zailak jartzen dituela, eta badakigu partida aurrera ateratzea ez dela erraza izango».
Bi asteburutan partidarik jokatu gabe egon dira Ampoko mutilak: «Bi aste egon gara jokatu gabe, dena den, benetako etena, iragan astean egin genuen. Aurrekoan, normal lan egin genuen El Salvadorren aurkakoa prestatzeko, nahiz eta azkeneko momentuan, bertan behera geratu». Baina, «egia esan, ondo gaude! Astelehenean gimnasioko lana egin genuen, asteartean talde entrenamendua,…oso ondo doa astea!». Eta gehiago sakondu du: «Julen Goia Espainiako selekzioarekin izan da, eta ondo itzuli da, gainontzeko jokalariak atseden hartuta daude, minduta edo lesionatuta zeuden jokalari batzuk berreskuratu ditugu».
Koparako txartela
Iragan urtarrilaren 31n jokatzekoa zen El Salvadorren kontrakoa, eta bezperan, autobusa hartu eta Valladolidera bidaiatzeko zeuden momentuan jakinarazi zien Federazioak, partida bertan behera geratzen zela, El Salvador taldeko 7 jokalarik positibo eman zutelako COVID-19aren proban. Data berria jarrita dago, otsailaren 28a, Pepe Rojo zelaian. Ligarako balekoa izateaz gain, partida horretan erabakiko da kopako finalerdietan egongo den azken taldea.
Data berriaren inguruan zein iritzi du Marotiasek: «Guretzako ez da data ona, gauzak normal joanda, partida oso gogor bat jokatzetik iritsiko garelako. Baina tira!». Momentuz bere kezka Les Abellesen kontrakoa da eta ondoren, «poliki-poliki lanak egin beharko ditugu jokalari guztiak ongi mantentzeko, hurrengo partidak ere oso garrantzitsuak baitira, eta saiatuko gara horietara ere %100ean iristen».
Bertan behera geratu zen partidara «oso ondo iritsi» ziren, «lan asko eginda, eta orain lan berdina egitea tokatzen da».
Zaletuak
Hurrengo bi jardunaldiak etxean jokatuko dituzte, baina harmailetan ezingo da zalerik egon. Hain zuzen ere, horren inguruan galdetu dio GOIERRIKO HITZAk Marotiasi; zalegoaren presentzia faltan ote duen, alegia: «Noski baietz! Baina baita bilerak ezin beti bezala egitea, ez beti bezala entrenatzea, ez partidak prestatzea,… guztia aldatu da eta egokitu behar izan dugu. Dena den, nahiago dut ez kexatzea, zeren jokatze hutsarekin zorioneko sentitzen naiz. Baina faltan sumatzen da, bai!, zeren zentzu pixkat falta zaiola ere pentsatu izan dut; jendeak gozatzeko ere jokatzen dugu, eta zelaian, zuzenean, haiek ez sentitzea… arraroa da! Ordizia Rugbyren helburuetako bat soziala da; herritarrekin kontaktoan egotea». Honela espero du, «laster egoera honetatik atera ahal izatea, eta denbora honetan gertatutakoa irakaspen gisa hartzea».
Harmailatik ez bada ere, Goierri Telebistaren eta sare sozialen bidez jarraitu ahalko dira partidak.