Lilatoian parte hartzeko entrenamendu saioak antolatu dituzte
2021eko Lilatoia desberdina izango da, lilatoi birtuala egingo baitute. Idiazabalgo Kirol Orientazio Zerbitzuak herriko emakumeak animatu ditu parte hartzera, eta otsailean egiteko entrenamendu plangintza prestatu dute entrenamendu gisa: 5 kilometroko lasterketa da eta, horretarako, 4 aste iraungo duen entrenamendua jarri dute eskuragarri. 30 minutu inguruko entrenamenduak izango dira.
Asteartero elkartuko dira Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan, 19:00etan hasita, egunean tokatzen den entrenamendua egiteko. Saio irekiak izango dira, eta oinez eta lasterka egindako tarteak uztartuko dituzte, denborarekin eta atsedenekin jokatuz helburura iristeko.
Oinez edo patinetan
Kirol Orientazio Zerbitzuak ohar batean azaldu duenez, «jendea motibatu eta jarduera fisikoa egiten hasteko» aukera ona da Lilatoia: «Harremanak, lagun-sareak eta abar eratzeko, elkar ezagutzeko eta beste hainbat gauzetarako erabilgarri izan daiteke otsaila». Aurten, gainera, lasterkaz gain, oinez, patinetan zein nordic walking eran egin daiteke ibilbidea. Martxoaren 5etik 8ra bitartean egin beharko dituzte parte hartzaileek 5 kilometroak. Aizan talde feministak martxoaren 7rako jakinaraziko ditu Lilatoierako hitzorduak eta egingo dituzten ekintzak.













