Postu berri bati ongi etorria
Nobedade dezente izan da azkeneko Ordiziako plazan bertan. Besteak beste, tipulin berriak, marrubi landareak, lore berriak eta Caparrosoko (Nafarroa) produktu ekologikoak.
Negua aurrera doa, eta ea ba bizi dugun negualditik ere ateratzen garen lehenbailehen. Atzo ferian ateratako argazkiek pizten zuten horretarako esperantza. Batetik postu berri bat. Caparrosoko (Nafarroa) Silvia Moreno eta Asier Iribarren ekoizleak etortzen hasi dira, Erriberako barazki ekologikoen aukera handiarekin. El puente viejo izen komertziala erabiltzen dute, herriko ezaugarri nagusia den zubiaren marka. Asier betitik barazki ekoizle familiakoa. Ekologikoaren eta zuzeneko salmentaren erronkari duela 4 urte heldu zion bikote duen Silviarekin. Postuz postu aurki daitezkeen garaiko barazkiez gain, mizuna (rukularen antzekoa), kardo gorria, pakchoi aza gorria, kakahuete kalabaza ere badituzte. Ordu eta erdiko bidea egitea merezi ote dien denborak esango du: «Badakigu garai zaila dela baina ausartu gabe aurrera pausurik ez eta frogatu nahi dugu».
Marrubi landareak prest
Marrubiak merkatuetan abenduz geroztik badira, Marokotik eta Andaluziatik ekarriak, urtetik urtera goizago hasten dira. Hemengo marrubiak jan nahi dituenak aldiz, udaberria oso aurreratu arte itxoin beharko du. Eta horiek zuzenean baratzean izan nahi dituenak oraintxe aldatzen hasi daiteke. Oso erraz ugaritzen den landarea da berez. Erosi nahi dituenarentzat 0,80 euroan.
Tipulina lekuko
Edurne Jauregi Baliarraingo Irabiazpikoa goiz erein edo aldatu zalea da, baita barazki berriak probatzea gustuko duena ere. Aspaldi eskaintzen ditu baratxuri freskoak, hemendik aurrera tipulin freskoak ere bai. «Entsaladan edota atzo jan nuen bezala ganba, baratxuri freskoen eta arrautzekin nahasiz primerakoa», kontatu digu. Euroan sorta, eskutatik kendu dizkiote ekarritako 22 sortak.
Krabelinak eta Iberisak
Lore postuetan, lehen krabelinak (5,5 euro bakoitza), usain ederrekoak eta urteko lorea den Iberisa (3,3 euro) hasi da. Lore txuri txiki ugaria du eta hilabete askotan loretua ikus daiteke. Larrosak landatzeko garai aproposean gaude. Gehien saltzen direnak Bettina eta Chrysler imperial motakoak badira ere, aukera ederra izan zen atzo Azanzaren postuan, 10,5 euroan bakoitza.