Zerbitzua behar den tokian jarrita, denak pozik
Herri txikietan fruta postua jartzen du Malik Abuu saltzaileak. Pandemia garaian, eta aurretik ere bai, estimatu diote zerbitzu hori jarria, inora joan beharrik gabe. Ostiral goizetan Gabirian egoten da.
Pandemiak eta horren ondoriozko neurriek ezer argi utzi badute, oinarrizko bizigaien, horniduren eta zerbitzuen beharra zein garrantzitsua den izan da. Herri txikietan, gehiago. Etorkizunari aurrea hartuz bezala, eta fruta premia asetzeko begi zoliarekin, Malik Abuu saltzaileak urteak daramatza herri txikietan fruta saltzeko postuarekin.
Ostiral goizetan Gabirian egoten da, 08:30etik 12:00ak aldera arte. Gainerako egunetan, Tolosaldeko herri txiki batzuetan izaten da; urrutiena, Adunara. «Denbora asko daramat Gabiriara etortzen, zortzi bat urte. Eskualdea ondo ezagutzen dut. Zerbitzua emateko asmoz hasi nintzen, eta horrela jarraitzen dugu», dio Malik Abuuk.
Ondo ezagutzen dute gabiriarrek dagoeneko, eta estimatzen dute postua jartzea. Herrian dendarik egon ez dela 30 urtetik gora dira. Kanpotik etortzen ziren lehen arrain zalea, okina, fruta saltzailea, denda txikia kamioian zuen dendaria, ardozalea, butano zalea, ultraizoztuen furgoneta… Baina, biztanle gutxi eta distantzia handia izanik, utzi zioten; ogi banatzailea bakarrik joaten da orain. Eta Malik.
«Pozik nago. Jendea etortzen da postura erostera. Bezero batzuk lehenengo egunean hasi ziren etortzen, eta horrela jarraitzen dute. Beraiek ere pozik daudela uste dut», dio, umil.
Etxeraino eramateko prest
‘Ez daukanak ongi ohi daki, edukitzea zein den ona’ dio esaerak. Zerbitzuen arloan, Gabirian gauza bera esan liteke. Ostiral goiza da, eta tantaka bada ere, bezeroak plazara inguratzen zaizkio. Udaletxeko arkupean jartzen du postua, frutaz ondo betea. «Barazkiak ere baditugu, baina hemen baserrietan dauzkate asko. Pasta batzuk ere saltzen ditugu
Herritarrek izenez ezagutzen badute, bera ez da kamutsagoa. «Nahi duzu poltsa etxera eramatea, Gema?», galdetu dio bezero bati. Jendeak Whatsapp bidez ere egiten dizkio eskariak.
Euskarara jartzen ere ari da; «pixkat». Diosalak eta kortesiazko hitzak euskaraz egiten dizkie denei. Bezeroek ere euskaraz eskatzen dizkiote produktuak.
«Horrelako herri txikietan, batzuetan jende gehiago ibiltzen da, baina beste batzuetan oso gutxi. Guk garbi daukagu, egun batzuetan ia inor etortzen ez bada ere, ezin diogula horregatik utzi etortzeari. Jarraitu egin behar da etortzen, ez etsi, eta zerbitzua serio emanez segi».
Langabezian geratu zenean hasi zen fruta saltzaile. Denda finkorik ez dauka, nahiago du herriz herri ibili. Urretxun dauka biltegia, eta Zumarragan bizi da.
«Adin guztietako jendea etortzen da erostera, ez adinekoak bakarrik. Gazteak ere bai. Lana arratsaldez egiten dutenak, adibidez. Eskolako umeak ere tarteka bisitan etorri izan zaizkigu, zer ekarri dugun galdetuz, frutak nondik datozen, zer diren…».
Salmentarekin ez du kexurik, «nahiko ondo» doala dio. «Herriotan jende oso atsegina dago, dena eskertzen dute. Arazoak konpontzeko borondatea ere badute, zerbait txarra atera baldin bada edo. Herri handietan edo supermerkatuetan izaten ez dutena. Oso harreman ona dugu. Estimatuak sentitzen gara herrian. Zerbitzu bat ematen dugula ere badakite, bestetik».