Zinetxiki jaialdiko filmak emango dituzte Urretxun
Umeei zuzendutako nazioarteko zinemaldia Labeaga aretora iritsiko da igandean. Bi emanaldi egingo dituzte, hilaren 14an eta 21ean.
Zinetxiki haur eta gazteentzako nazioarteko Zinemaldiak Urretxu bisitatuko du igande honetan eta hurrengoan: zinemaldiaren sail ofizialean parte hartu duten film labur esanguratsuenak Urretxuko Labeaga aretoan ikusi ahal izango dira.
Emanaldiak hilaren 14an eta 21ean izango dira, 17:00etan. Sarrerak euro bat balio du. Labeaga aretoan bertan jarriko dira salgai, 16:00etan.
Urretxuko Udalak zinema saio horiez gozatzera animatu ditu herritarrak. «Dibertigarria, desberdina, samurra eta balioak dituena».
50 minutuko emanaldiak
Emanaldiek 50 minutu inguruko iraupena izango dute eta 7 urtetik gorako haurrei gomendatuak dira. Igande honetan, Alemania, Irlanda, Espainia, Eslovenia, Kanada, Errusia, Frantzia, Holanda eta Taiwaneko hamahiru film labur emango dituzte.
Datorren igandean, berriz, Iran, Alemania, Espainia, AEB, Danimarka, Erresuma Batua eta Frantziako hamaika film labur emango dituzte Urretxuko Labeaga aretoan.