Goroskintxuko pista proiektuaren kontrako salaketa behin-behinean artxibatu du Tolosako epaitegiak
Landarlan talde ekologistak helegitea jarri du azken erabakiaren aurka, eta horrenbestez, auzibidea ez da amaitu. Foru Aldundiak "ontzat jo" du epaitegiaren autoak dioena. Gainontzeko salaketak ken ditzatela eskatu die ENBAk talde ekologistei.
Tolosako lehen Auzialdiko eta Intrukzioko 3 zenbakiko epaitegiak autoa eman du, Eguzkik eta Landarlan Ingurumen Elkarteak Aralarko mendilerroan Saltarriko mangarainoko pista egiteko lanen aurka jarritako salaketagatik. Hain zuzen, bi talde ekologistek, Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari Arantxa Ariztimuñoren, garai hartan Ingurumeneko zuzendari zen Jose Felix Asensioren eta Enirio-Aralar Mankomunitateko presidente zen Jose Migel Santamariaren aurka ipinitako salaketa, behin-behinean largesteko eta artxibatzeko agindua eman du epaitegiak. Autoak dioenez, Goroskintxuko pista egiteko hartutako erabakiak ezin dira «arbitrariotzat» jo, «proiektua onartzeko prozedura indarrean zegoen legedira egokitu zen», eta «proiektua gauzatzea ingurumena zaintzeko plan batekin batera egin zen beti». Landarlan elkarteak jakinarazi du errekurtsoa ipini duela, beraz, auzia ez da amaitu.
Tolosako epaitegiak emandako autoaren aurrean erreakzioak izan dira. Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak «ontzat jo» du salaketa artxibatzea, eta nabarmendu duenez, autoak «irmotasunez» ezartzen du departamenduak iragan legealdian egindako jarduketak «legezko baldintza guztiak bete zituela eta naturaguneak babesteko indarrean dauden arau guztiak errespetatu zituela».
Larrañagak adierazi duenez, epaitegiak berretsi du, Aralarko Natura Baliabideen Antolamendurako Planak «bide jakin batzuk egiteko aukera ematen» duela, betiere Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak baimentzen baditu, «kasu honetan bezala». Gainera, esan du, pistak «giltzarriak» izan direla «Aralar inguruan bizi diren eta lan egiten duten pertsonen baldintzak duintzeko, horien bidez irtenbide bat ematen baitzaie lehendik zituzten irisgarritasun zailtasun handiei».
Larrañagak azpimarra egin du, proiektuak EAEko «Ingurumena Zaintzeko Plana» bete duela, eta ez dela «ingurumenari eta, bereziki, parke naturalaren, haren habitaten eta intereseko espezieen osotasunari eragiten dien inpaktu kaltegarririk edo hautemangarririk» gertatu. Hori baino gehiago ere esan du, uste baitu, egindako jarduketek Aralar «goi mendiko habitat gisa kontserbatzen lagundu» dutela.
Azkenik, diputatuak adierazi du justiziak Arantxa Ariztimuño zuzendariaren «kudeaketa ona eta zuzentasuna» babestu dituela, eta tamalgarria dela «modu demokratikoan hartutako erabakiak nola judizializatu eta instrumentalizatu diren helburu politikoekin».
Landarlanek tinko segitzen du; «Delitu ekologikoa da, Ingurumen Fiskaltzak 2016ko udazkenean onartu zuen eta auzian zehar, delituaren zantzuak egin direla adierazi zuen». Larrañaga diputatuak esandakoaren kontra, Landarlanek garbi izaten jarraitzen du, «Aralar Natur Parkearen araudia ez betetzeagatik jarri genuen salaketa». Pistaren helburuetan ere ez datoz bat Aldunditik esandakoarekin; «Pista horren helburua ez da artzain txabola batera bidea erraztea, abeltzainen itxitura baizik, gainera, abeltzain gehienak profesionalak ez direnean».
Salaketak kentzeko eskaria
ENBA Euskal Nekazarien Batasunak «poza» agertu du autoak dioenagatik, eta bide batez, talde ekologistei eskatu diete «abeltzainentzat lan eta bizi baldintzak duintzeko erabakiak epaitegi bitartez oztopa ez ditzaten, eta ildo horretatik, Eniriotik Igaratzarako bidea egokitzeko lanen aurkako salaketa berehala erretira dezaten». babesa eta eskerrona adierazi diete, «mendiko abeltzainen bizimodua hobetzen jardun ziren agintariei.