Pistena «delitu ekologikoa» izan dela berretsi eta helegitea ipini dute ekologistek
Landarlanek eta Eguzkik argi utzi nahi dute "pistaren aurkako salaketaren artxiboa ez dela behin betikoa" eta auzibideak aurrera darrai.
Aralarko Goroskintxu eta Saltarrirako pista egitearen aurka, Landarlan Ingurumen Elkarteak eta Eguzkik jarritako salaketa behin-behinean artxibatzeko autoa eman du Tolosako epaitegiak. Autoa ezagutu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak balorazioa egin zuen atzo; «ontzat jo» zuten erabakia. Aldundiaren adierazpenen harira, Landarlan eta Eguzkik erantzun dute gaur. Lehenik eta behin, argitu nahi dute «salaketaren artxiboa ez dela behin betikoa, eta helegitea sartu» dutela. Horrez gain, gogoratu dute, bigarren pista -Eniriotik Doniturrieta Igaratzara eraikitakoak-, «epaitegiko bidean jarraitzen duela».
Bi elkarte ekologistek gaineratu dute, 2016ko udazkenean salatutako pista «erdiraino eraiki zela hiru txaboletarako, eta gainerakoak eraiki gabe, bi txabola gehiagotara iritsi nahi duela». Horrez gain, «ibilgailu motordunak errazago sartu ahal» izango direla goiko larreetara, «Saltarri larre eremu batean amaitu arte». Landarlanek eta Eguzkik argitu dutenez, «han ez dago artzain txabolarik, bai aldiz behi eta behorrentzako harrapalekua, ganadulazeei zerbitzua ematen diena, zeinak gehienak ez dira profesionalak, aisialdiko abeltzainak baizik».
Pista horren erainkuntza, 2016. urtean salatu zutela Ingurumen Fiskaltzan, eta prozesu judizialean, “delitu ekologikoaren zantzuak” daudela adierazi zuela “Fiskaltzak berak”. Horregatik, “deigarria” iruditzen zaiela, «behin-behineko artxibatzea».
«Araudia ez da bete»
Eguzkik eta Landarlanek pista eraiki izana «delitu ekologikoa» izan dela pentsatzen jarraitzen dute. Aralarko Parke Naturalean indarrean dagoen araudia betearazteko ardura duen erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, «ez baitu errespetatu». Horrela, «ibilgailu trafikorako pistak eraikitzea sustatu» duela, «Parke Naturalean bide berriak eraiki ezin direnean», Aralarko inguru «hauskorra babesteko; lurzoruak, ur baliabideak, flora eta fauna, paisaia, prozesu ekologikoak,…».
Era berean, ekologistek adierazi dute «Enirio Aralarko Mankomunitateak, aurreko legegintzaldian, pista hori Parke Naturalaren araudiaren aurka egitea onartu zuela», izan ere, «pista horren %80 Mendi Babesleko Zona batean proiektatu zen eta bertan zuhaiztiak egotea gomendatzen da». Horren ondorioz, araudiak ezartzen duela, besteak beste, «artzaintza mugatzea, eta hori ez zen aurreko legegintzaldian egin, mankomunitateak berak onetsitako ordenantza bete gabe geratuz».
Azkenik, Landarlanek eta Eguzkik irmotasunez adierazi dute, «Aralarko Parke Naturala, mendia eta haien kudeaketa arduratsua eta ingurumena babesten eta haien alde lanean jarraituko» dutela , batez ere, «Eusko Jaurlaritzak 2019an deklaratutako larrialdi klimatiko bete-betean gaudenean. Jarritako errekurtso judizialaren ebazpenaren zain gaude».