Gabarainen eta Laskurainen 'Zoaz pake santuan' lana Arerian gaur
Txalo Produkzioak konpainiaren eskutik, Areria antzokian eskainiko dute antzezlana, gaur arratsaldean.
Otsaileko kultura-egitarauan, aste barruko antzerki emankizuna izango da gaur arratsean Lazkaon. Euskal antzerkigintzaren gailurretatik bi diren Ane Gabarainek eta Mikel Laskurainek Zoaz pake santuan! antzezlana egingo dute. Areria antzokian da antzerkia, gaur 19:00etan. Sarrerak aurrez agortuta daude, udalaren webgunean (lazkao.eus).
Komedia generoko antzerkia da Zoaz pake santuan!, Txalo Produkzioek 2018an euskarara ondu eta harrezkero programazio-katalogoan duten eskaintza. Emmanuel Robert-Espalieu-ren jatorrizko lana Begoña Bilbaok zuzendu du euskaraz, eta Laskurainek eta Gabarainek atera dizkiote printzak bi pertsonaiei.
Bikote bizitza aspergarria, pozoinketa bat tarteko, norbere ahulezien, gutizien eta kontraesanen aitzakia bihurtuko da. Umore kutsuan, beti ere.