«Gehien gustatzen zaiguna egiten jarraitzen dugu, eta ezin kexatu»
Profesionaletako 12. denboraldiari hilabete barru ekiteko prestatzen ari da Gari Bravo (Lazkao, 1989). Non hasiko den ez jakin arren, eguneroko atzeko lana gozatzen ikasi du.
Igandeko Almeriako Klasikoan aurre-zerrendan bazeunden, baina ez zara joan.
Almeriako Klasikoa ez dut egin. Aurre-inskripzioan edozein izen jar ditzake taldeak, eta nirea agertu bazen ere, aurretik jada banekien ez nintzela hara joango. Lazkaon nago orain, etxean.
Zer plangintza duzu 2021eko denboraldi hasierarako?
Martxora arte ez naiz hasiko. Oraingo karrerak esprinterrentzat eta ordekakoentzat dira, eta nik gehixeago itxarongo dut, martxo-apirilera arte, karrera gogorragoetara arte, menditsuagoak-eta hasten direnerako.
Oraindik ez dakit noiz hasiko naizen. Ez daukat egutegi finkorik, eta egunetik egunera joatea tokatzen da, orokorrean denak bezala. Mallorkan hasi behar nintzen, baina atzeratu egin zuten hura; Andaluzia ere atzeratu zen… Horrela daude gauzak.
Martxotik aurrera zer ikusmira daukazu?
Lasterketen egutegia martxo-apirilera arte ez da konstante hasiko, printzipioz. Euskal Herriko Itzulia eta Kataluniako Volta daude, eta ea bietakoren batean sartzen naizen. Gero, Asturias etorriko da. Baina dauden karrerak esaten ari naiz, ez ni zeinetan ariko naizen, ez dakidalako.
Nola daramazu egoera hau?
Covid-aren egoera hau dena ondo daramat, egia esan. Gaizki bai, alde batetik, noski, txirrindulari guztioi gustatzen zaigu-eta korritzea. Baina jakinda zer dagoen, egunetik egunera joatea tokatzen da. Behingoz dena hobetzen denean eta dena seguruagoa denean hasiko gara. Bitartean, entrenatzea tokatzen da, baina sasoian pasatu gabe. Dena ondo badoa, ea martxoan hasten garen.
Iazko esperientzia baduzue, txarrenean. Abenduan Euskaltel-Euskadik beste urtebeterako luzatu zizun kontratua. Horren gaizki ere ez, ala?
Hasten bagara pentsatzen gizarte honetan covidagatik zer dagoen ondo eta zer gaizki… Kalera ateratzen gara behintzat, entrenatzen dugu, gehien gustatzen zaiguna egiten eta soldata kobratzen jarraitzen dugu. Zentzu horretan, ondo. Tabernariekin, ospitaleetan… zer gertatzen den ikusita, ezin gara kexatu gu.
Entrenatzeko garaian mugarik ba al daukazue profesionalek?
Entrenatzeko guk mugikortasun askatasuna dugu, nire kasuan Lazkaotik irteteko. Baina muga daukanak, ezin du kirolarekin gozatu ere egin. Pentsa Lazkaoko saihesbidean atzera eta aurrera dabilena! Horri bai egingo zaiola gogorra.
Iaz 23 lehiaketa egun eta 3.540 km bakarrik egin zenituen. Arraroa, ezta?
Iazko urtea ez zen normala izan, eta ezin dut hortik balorazio bat atera. Urte galdua izan zen ia-ia. Hola tokatu da. Karrerak falta izan ziren, eta horrek eragin digu guri gehien. Ea aurten dena ondo doan eta lasterketa gehienak berreskuratzen diren.
Zertan saiatu nahi du Euskaltel-Euskadi taldeak?
Taldearen helburua etxeko lasterketetan ariteza da, egiten badira: Itzulia, Donostiako Klasikoa… Eta Espainiako Vueltan ere egon nahi dugu. Horretarako borrokatuko gara.
Eliteko kirolari batek, helburu jakinik gabe ortzimugan, nola mantentzen du irrika?
Zentzu horretan esperientzia jada badut, profesionaletan urte batzuk badaramatzat eta [12. denboraldia du profesionaletan]. Eman behar zaionean emateko, eta hanka altxatu behar denean altxatzeko esperientzia badut. Errutina da, azken batean: entrenatu, eta berriro normaltasun batean hasi arte askorik ez pentsatu. Egunetik egunera joan behar da horrelako garaietan: lasai egon eta disfrutatu egiten duzun horrekin. Entrenamenduak ondo ari naiz eramaten, gogaitu gabe eta pozik. Horrela ez denean, ja arazo handi batean sar daiteke, saturazioarenean. Baina oso ondo ari naiz, eta martxo-apiriletik aurrera normaltasun handiagoarekin hasiko gara.
Aurtengo urtea nolakoa ikusten duzu?
Oro har, ziurgabetasuna dago, non eta nola hasiko garen ez jakitea. Ea txertoaren bilakaera ere nola doan… Nik uste aurten egingo direla karrera gehienak. Pena izango da, hori bai, nola egingo diren. Dena izango da iaz Ordiziako Klasika-eta egin genituen bezala: autobusetan eremu itxi batera sartu, zuzenean irteerara joan, segituan lasterketa egin, helmugaratu orduko berriro denak autobusetara, eta handik etxera. Kontaktu gutxi izaten da jendearekin, zaletuekin ezin gertu egon…
Antzera jarraituko du, beraz?
Askatasun pixka bat gehiago egongo dela uste dut aurten, baina aurreko urteetan bezala ez da izango. 2022ra arte, oraindik nik uste maskarak jantzita eta testak egiten ibili beharko dugula.