Positiborik gabeko egun bat, sei hilabeteren ondoren
Asteburuak datuen beheranzko joera berretsi du. Legazpi soilik dago eremu gorrian. Urretxu eta Zumarraga laranjara igaro dira. Lazkao, berriz, eremu berdean dago; Gipuzkoako herri handien artean bakarra da.
Herenegun ez zen goierritarrik gaixotu COVID-19arekin. Abuztuaren hasieratik ez zen horren datu onik jakinarazi. Hau da, ia 200 egun igaro dira gutxienez egunero positibo bat atzematen. Bataz beste, tarte horretan, egunero 23 gaixo jakinarazi dira.
Pandemia txikitzen ari dela agerikoa da: positibo berrien kopurua geroz eta txikiagoa da otsailaren hasieran gaina jo ostean. Intzidentzia tasa ere behera egiten ari da. 351,81 gaixoetan dago azken datuen arabera. Urtea hasi zenetik kopururik txikiena da. Halere, Goierri hirugarren arrisku-mailan dago lauko eskala batean, laranjan.
Herrika ere egoera hobera egiten ari da. Legazpi besterik ez dago eremu gorrian. Bertan, hiru positibo atzeman dira asteburuan eta 650dik gorako intzidentzia metatua du; Urretxuk eta Zumarragak eremu gorria atzean utzi dute asteburuan. Bi herrietan taldekako kirola eta eskola kirola baimenduta dago gaurtik aurrera; Beasain eremu horira igaro da azken datuen arabera, 300 gaixoen langatik jaitsi baita. Bi hilabete baino gehiago zen intzidentzia tasa horren baxu ez zuela; Ordizia ere eremu horian dago; eta Lazkao eremu berdean da. Azken hamalau egunetan hiru postibo atzeman dira eta 53,27ko intzidentzia tasa du. Iñigo Urkulluk otsailaren 5ean ezarritako helburua betetzen duen Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 5.000 biztalentik gorako herri bakarra da. Lehendakariak esan zuen intzidentzia metatua 60 gaixoetatik jaistea dela helburua. Hego Euskal Herrian soilik Noainek (Nafarroa) ditu Lazkaok baino datu hobeak.
Ataunen, Mutiloaren, Seguraren eta Zerainen egoera ere hobetzen ari da, nahiz eta oraindik ere kasu aktiboak dauden. Seguran asteburu osoan ez da gaixorik atzeman azken bi asteetan egunero bateren bat gaixo agertu ostean.