Itsasoko Udaleko Batzorde Kudeatzailea desegin dute
Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuen kontseiluak abenduaren 22an hartutako erabakia exekutatzeko dokumentua ere onartu dute Ezkioko eta Itsasoko udalek.
Itsasoko batzorde kudeatzailea desegin dute dagoeneko. Atzo 18:00etan, Itsasoko elizako korupean egindakon osoko bilkuran desegin zuten eta, era berean, Ezkioko eta Itsasoko udalek aurten udalerri bakar gisa funtzionatzeko dokumentua onartu zuten. Ezkioko Udalak 19:00etan egindako bilkuran onartu zuen dokumentua.
2016ko irailean erabaki zuten itsasoarrek Ezkiotik bereiztea herri galdeketa baten bidez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren abenduaren 20ko 27/2016 Foru Dekretuak desanexioa ahalbidetu zuen. 2017an Batzorde Kudeatzailea eratu eta udalerri independente gisa jardun dute harrezkero, Espainiako Auzitegi Gorenak 2020ko uztailaren 16ko sententziaren bidez Aldundiaren foru dekretua baliogabetu zuen arte.
Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuen kontseiluak 2020ko abenduaren 22an sententzia exekutatzeko erabakia hartu zuen, eta udalerri bakarra da berriro Ezkio-Itsaso, urtarrilaren 1az geroztik. Itsasoko Batzorde Kudeatzailea deseginda, funtzionamendu eta eszenatoki berriak aztertuko dituzte.
Itsasoko berezitasunak
2021eko Ezkio-Itsasoko kontabilitatea bakarra izango da, baina aurrekontuak bananduta kudeatuko dituzte aurten. Ordenantzei dagokienez, Ezkio-Itsasokoak egongo dira indarrean, Itsasoko berezitasun batzuk kontuan hartuta. Besteak beste, zabor bilketa zerbitzuan prezio desberdinak aplikatuko dira, industriakoan izan ezik, bilketa era desberdinak dituztelako.
Bide publikoak erabiltzeko baimenagatik prezio eta fidantzak ere desberdinak izango dira eta bakoitzak berea mantenduko du. Udalaren gainetik dauden erakundeei dagokienez, Itsaso banandu aurretik zegoen egoerara itzuliko dira: Goimen, Sasieta, ur kontsorzioa, Eudel, Udalbiltza, Uema, UGGASA eta Tolosako Hiltegian parte hartzea Ezkio-Itsaso gisa izango da. Tramiteak bideratu eta koordinatzeko, Jarraipen Batzordeak bilerak egiten jarraituko du.
Bestalde, asteazkenero bezala, Itsasoko lan batzordeak bilera irekiak egingo ditu, eta komunikazio bide ofizialak ere orain artekoak izango dira. Hau da, itsasoarrei dagozkien jakinarazpenak Itsasotik bideratuko dituzte.
Bilera eskaera
Urte hasieratik udalerri bakarra den arren, auzo udala edo bestelako egituraketa sortzea dute helburu Itsason. Hori dela eta, foru aldundiarekin biltzeko eskaera egin dute Ezkioko zein Itsasoko ordezkariek, etorkizunari buruz lehen bailehen hitz egiten hasi eta aukera ezberdinak aztertzeko. Oraindik, halere, ez dute erantzunik jaso.