Erosketa bonuek «450.000 euro» utzi dituzte Ordiziako merkataritzan
Maitane Alvarez alkateordeak eta Aitor Velazquez Ordizianeko teknikariak balorazio «oso positiboa» egin dute. Udalak 87.000 euroko laguntza eman du
Ordiziako merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzu enpresei bultzada bat emateko asmoarekin Ordizia Bizi Herria bonuak banatu zituen udalak, eta kanpainak izandako erantzunarekin «oso gustura» agertu da Maitane Alvarez Ordiziako Udaleko alkateordea, herritarrek bonuen erabileraren bidez egindako erosketek «450.000 euroko diru sarrera eragin dutelako Ordiziako establezimenduetan». Aitor Velazquez, Ordizian merkatari elkarteko teknikariak ere balorazio oso positiboa egin du: «Bonu kanpaina honen balorazioa oso positiboa izan da, bai herritarren aldetik, eta baita ere merkatarien ikuspegitik. Ordiziar askok bonuak erabili dituzte erosketak egiteko, eta laguntza-kate baten parte izan dira».
Bigarren sektoreari laguntzeko bi bonu kanpaina egin ditu udalak. Lehenengoak, «180.000 euro inguruko diru sarrera eragin zuen», bigarrenak, «270.000 euro ingurukoa». Alvarezek nabarmendu «herria bizirik mantentzeko ezinbesteko lana egiten» duela sektore horrek, eta gainera, udalaren helburua dela «herritarrek herrian kontsumitzea, herriko komertzio txikien aldeko apustua egitea». Osasun krisiagatik merkataritzak eta ostalaritzak izan dituzten «zailtasunekin sentsibilizatu dira herritarrak orokorrean eta hauen erantzuna ona izan da herriko saltokietan erosketak egiteko orduan».
Kopurua biderkatu da
Udalak, erosketa horietan erabili diren bonuak dendariei ordaintzeko bideratu duen laguntza, 87.000 eurokoa izan da: 36.000 euro lehenengo txandarako, eta bigarrenerako 51.000 euro.