Gernika pasealekuko aparkalekutik ezkerretara irten daiteke zuzenean
Orain arte eskubitara hartu behar zenez eta geltoki pareko biribilgunea itxita dagoenez, Mendeurren etorbideraino joan behar zen. 2019ko birmoldaketaren aurreko egoerara itzuliko da
Gernika pasealekuko aparkalekutik ezkerretara irten daiteke orain, zuzenean Zaldizurretako biribilgunerantz. 2019ko birmoldaketaren ondoren aukera hori ezabatu egin zen, baina abendutik Barrendain plazako biribilgunearen alde bat itxita dagoenez, ibilgailuek Mendeurren etorbideraino joan behar zuten norabidez aldatzeko. Egokitzapenari esker gidariek bost bat minutu aurreztuko dituzte eta herrigunean autoen joan etorria txikiagoa izango da.
Beasaingo Udalak herriko puntu beltzak identifikatzeko lanketa abiatu zuen. Hortik ondorioztatu zuten Barrendain plazako biribilgunean norabidez aldatzea galarazi behar zutela, besteak beste. Izan ere, bertan errepidea, espaloia eta bidegorria gurutzatzen ziren eta arriskutsua zen. Probatzeko egin zuten aldaketa, ea zer ondorio eragiten zituen. Hala ikusi dute Gernika aparkalekutik irteten diren ibilgailuek itzuli handia eman behar dutela. Arazoa konponduta, geltoki pareko biribilguneko albo batek itxita jarraituko, oraindik denbora gehiago behar baita aldaketak herritarren artean eta trafikoan izan dituen eraginak atzemateko.
Kontuz ibiltzeko eskaria
Udalak egin ditu seinalizazioan egin beharreko aldaketak: errepideko erdibitzailean marka etenak jarri dituzte marra gainditu ahal izateko eta parean bi ispilu jarri dituzte ikuspena hobetzeko. Aparkalekutik irteten ari diren ibilgailuek ez dute lehentasunik eta gainerako autoei pasatzen utzi behar diete. Udalak arretaz gidatzeko eskatu du.













