Mundu Martxari harrera Mariaratzen egingo diote goierritarrek zapatuan
Larunbat eguerdian iritsiko da emakumeen mundu mailako aldarrikapen karabana. Goierriko talde feministek bateratuta bat egingo dute, 'Zubi guztien gainetik' lelopean
Bost urtean behin nazioartean garatzen den Emakumeen Mundu Martxaren Euskal Herriko korrontea ari da bukaerara iristen. Urrian hasi zuten Irun eta Hendaia artean V. Nazioarteko Ekintza, eta martxoaren 6an leku berean amaituko da. Zubi guztien gainetik, mugarik ez, transnazionalik ez! leloa du aurtengo ekimenak; migrazioari eta arrazakeriari jarri diete arreta.
Goierriko emakume eta feminista taldeek modu bateratuan bat egingo dute aurten ere Mundu Martxarekin, Goierriko Koordinadora Feminista bilduta. Ekitaldia larunbatean, otsailak 20, egingo dute Beasain eta Ordizia bitarteko Mariarazko zubian. 11:00etan elkartuko dira herrietako ordezkariak eta kideak, eta 12:00etan da ekitaldi nagusia.
Zubiaren sinbologia erabilita, herrien eta lurraldeen arteko lotura irudikatuko dute, «gaur egun zubiak hartu duen hesi zentzuari aurka eginez». Mariarazko zubian elkartu izan dira, lehen ere, Martxoaren 8ko aldarrikapen ekitaldietan.
Oihal zati bana josi
Zubi guztien gainetik leloa izango da Mundu Martxarekin uztartzeko beste ikurra. Goierriko ekarpena 2,5 metro luze bider 1,5 metro altu izango den pankarta izango da, lelo hori idatzita izango duena.
Eskualdeko bederatzi herritako taldeek eta emakumeek parte hartuko dute Mariarazko ekitaldian. 11:00etan, norberak ondu duen oihal zatia elkarri josten hasiko dira.
Honako herriek parte hartuko dute: Legorreta (ZU hizkiak osatuko dituzte), Itsasondo (BI), Ordizia (GU), Gaintza (ZT), Zaldibia (IEN), Lazkao (GA), Beasain (IN), Gabiria (ET) eta Ataun(IK!).
Eguerdi aldera iritsiko da Mundu Martxaren karabana, eta Goierrin jositako pankarta erantsiko diote nazioarteko aldarrikapen nagusiari.
Lazkaon batzarra gaur, eta Ataunen ikastaroa
Mundu Martxaren etorreraren aurretik, eta feminismoaren lanketa gizarteratzeko beste ekimen batzuen artean, Ataunen eta Lazkaon bi hitzordu iragarri dituzte. Lazkaoko Talde Feministak emakumeen batzarra deitu du, gaurko. Udaletxeko sotoan dagoen Gaztelekuan elkartuko dira, 18:00etan. Mundu Martxa eta Martxoaren 8aren antolaketa izango dituzte hizpide.
Ataungo Berdintasun Batzordeak oinarrizko feminismo ikastaroa antolatu du. Bi saio egingo dituzte, otsailaren 27an (genero-sistema eta mugimendu feministaren oinarriak) eta martxoaren 6an (Euskal Herriko mugimenduaren joerak), 10:00etatik 13:00etara, udaletxean. Izena otsailaren 19rako eman behar da (616 75 8758, Whatsappa), mezuan izen-abizenak bidalita, bi saioetan aritzeko konpromisoarekin.