Txakur gurutzak jasotzeko zaintza handituko dute
Beasaingo Udaltzaingoak datorren astetik aurrera zaintza areagotuko du kexak handitu egin direlako. Elkarbizitza sustatu nahi du udalak
Beasaingo udalean txakur gorotzen inguruko kexak areagotu egin direnez, datorren astetik aurrera udaltzaingoak zaintza areagotuko du. «Badira udalerriko hainbat toki jakin non txakurren gorotzak jasotzen ez diren. Horrek garbitasun eta bizikidetza arazoak sortu ditu bereziki azken boladan. Udaltzaingoak burutuko duen zaintza bereziaren bitartez txakurren jabeak bide publikotik bere animalien gorotzak batzearen garrantziaz kontzientziatzea da», diote udaletik. Animalien inguruko udal ordenantzak 300,50 eurora arteko isunak ere aurreikusten ditu hala arau hausteentzat.
Txakurrak lotuta ibili behar direla ere gogorarazi dute udaltzainek. Ezkiaga auzoan, Urbieta etxearen atzealdean, Zaldizurretako biribilgunean eta Igartzako Monumentu Multzoan soilik askatu daitezke. Gune hauetan bete beharreko arauen zerrenda agerian dago, zer egin daitekeen eta zer ez argi uzteko.
Elkarbizitza
Beasaingo udalak azpimarratu du lanketa honen helburua txakur jabeak kontzientziatzea dela, «herritarren arteko bizikidetza eta udalerri atsegin, txukun, eroso eta bizigarria» lortzeko.
Txakur eredugarri programaren bigarren edizioa martxan dago, bere adar guztietan. Programaren helburua txakur jabe eredugarriak heztea da.