Uraren soinua, argazkietan
'Lur eta itsasoko ur' bisita gidatu musikatua egingo dute etzi, Beasaingo Nafarroa23 estudioan. Telleriaren argazkiak eta Furundarenaren doinuak uztartuko dituzte
Urak beti egiten du bidea. Nahiz eta konfinatu, tantaka-tantaka, aurrera egitea lortzen du beti. Kultur mundua ere ari da lanean, pixkanaka, aurrean jarritako trabak gaindituz. Lur eta itsasoko ur bisita gidatu musikatua egingo dute etzi Jose Mari Telleria argazkilariak eta Aitor Furundarena musikariak Beasaingo Nafarroa23 estudioan.
«Erakusketa bat ari nintzen antolatzen, ura ardatz duten nire argazkiekin. Baina galdera zen, badauzkat horrenbeste argazki? Azkenean, 20 bat argazki inguratu ditut», azaldu du Telleriak. «Lurreko eta itsasoko argazkiak dira, biak nahastuta: errekak, zubiak, errotak, olatuak…». Baina erakusketa ez da irudia bakarrik izango: «Erakusketa gidatua izango da baina hitz gutxi izango ditu, musika izango baita protagonista», gaineratu du. «Furundarenak zazpi pieza joko ditu, momentu bakoitzeko irudiarekin zerikusia dutena». Boga-boga izango da lehen pieza, esaterako, marinelen inguruko abesti herrikoia.
«Diziplina ezberdineko artistak sartzea gustatzen zait, azken aldian egin dudanean oso ongi funtzionatu didalako. Musika nenbilkien buruan eta Aitorri deitu nion», esan du Telleriak. Gustura dago emaitzarekin. «Pasioz gauzak hartzen dituen bat, sortzaile bat, tokatzen bazaizu parean nahiko segurua da zerbait ona irtengo dela aurrera».
Erantzuna, ona
Ikus-entzuleen erantzuna mundiala izan da eta jada plaza guztiak bete dira. «Jendea animatzen da. Azkenean, lan bat hartzen duzu, musutruk, eta orduan aho zapore ona uzten dizuna jendea etortzea da».
«Egoerak behartu gaitu hitzorduekin egitea saioak. Gauza bat badu ona, ziurtatuta duzula zenbat jende, zeintzuk, ze ordutan… etorriko diren. Antolaketa lan gehiago du baina eguna iritsitakoan gauza nola joango den argiago dago». Segurtasun arrazoiak medio, talde txikietan banatuta sartuko dira, hiru txandetan. Bakoitzak ordu erdi inguruko iraupena izango du.
Bisitak zutik izango diren arren distantziak mantenduko direla iragarri du antolatzaileak. Gainerako segurtasun neurriak ere bermatuko dira, arriskuak ahalik eta gehien ekiditeko.