Urretxuko Udalak 100.000 euro emango dizkie herriko ostalariei
Terraza jartzeko aukera dutenek 3.000 euroko laguntza jasoko dute eta terraza jartzeko aukera ez dutenek 4.500 eurokoa. Laguntza eskatzeko epea martxoaren 31n itxiko da
Urretxuko Udalak 3.000 eta 4.500 euro bitarteko laguntzak emango dizkie ostalariei. Laguntzak osoko bilkuran onartu dira eta alderdi guztiek aldeko botoa eman dute.
Terraza duten taberna eta jatetxeek 3.000 euro jasoko dute eta terrazarik ez dutenek 4.500. Laguntza jaso ondorengo hiru hilabeteetan taberna edo jatetxea zabalik mantendu beharko dute. Udalak 100.000 euro bideratu ditu egitasmo honetarako. Herriko taberna kopurua eta tabernen ezaugarriak kontuan hartuta, diru kopuru hau nahikoa dela uste du.
Laguntzak eskatzeko epea Gipuzkoako buletinean argitaratu ondorengo egunean irekiko da eta martxoaren 31n itxiko da. Eskaerak jaso eta onartu bezain laster, udalak laguntzak emango ditu. Izan ere, ostalariek egoera gogorra bizi dutela eta laguntzak lehenbailehen eman behar zaizkiela uste du.
Diru-laguntzak buletinean publikatu bezain laister, udalak laguntzak eskatzeko epea ireki dela jakinaraziko die ostalariei posta elektroniko bidez.
Ostalariek beste laguntza batzuk ere izan dituzte: Hurren bonuak; uraren, zaborraren eta terrazen tasan %100eko hobaria eta koronabirusari aurre egiteko inbertsioak ordaintzeko diru-laguntzak.
EH Bilduren iritzia
Urretxuko EH Bilduk azkeneko osoko bilkuran onartutako laguntzak behar baino beranduago heldu direla dio. «2020ko irailean eta urrian, pandemiaren bigarren olatua zetorrela eta kutsaduren jatorria berriro ere ostalaritzan fokalizatuko zela aurreikusten genuenez, 2021ko udal aurrekontuetan, herriko ostalaritzari beste laguntzekin bateragarri izango ziren diru-laguntza zuzenak eskaintzeko proposamena egin genuen. Horrekin batera, ostalarien mahaia sortzea proposatu genuen, aurrerantzean beraien kezkak, itolarriak eta proposamen ezberdinak denon artean landu eta bideratzeko asmoarekin. Proposamen horiek ez ziren onartu. Herriko ostalariek hilabete luze hauetan itolarri ekonomiko eta laboralak bizi izan dituzte eta beraiek egindako mobilizazio ugariek eta azken mozioaren aurkezpenak palanka moduan eragin izugarria izan dute diru-laguntza zuzenak berehala banatzeko erabakian», azaldu dute prentsa ohar bidez.