Mankomunitateak dio aurreko legealdiko ordenantza betearazi baino ez duela egin
Aralarko abeltzainei bidalitako gutunen harira azalpenak eman dituzte. Baserritarrek, ENBAk eta EHNEk atzean beste asmo batzuk daudela diote
Aspaldi ez zela horrenbeste jende biltzen Ordiziako udalbatzan. Enirio-Aralar mankomunitateko zuzendaritza biltzekoa zen atzo eta mahai gainean zuten, azken egunetan zalaparta dexentekoa sortu duen gai bat: 2016ko larre eta txabolen ordenantza betearazteko mankomunitateko lehendakariak sinatuta abeltzainek jasotako gutuna dela eta, argibideak ematea. Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Beasain, Lazkao eta Gaintzako ordezkariek sinatu zuten eskaria. Gai zerrendako puntuak halaxe zioen: «Zuzendaritza batzarrean tratatu gabe, ordenantzen trataera berria dela eta, hainbat abeltzainei bidali zaizkien gutunen nondik norakoen informazioa ematea, gaia eztabaidatu, eta ahal bada adostasun batera iristea. Bide batez, Aralarko Baserritarren Elkartea, eta ENBA eta EHNE sindikatuetako kideei beraien azalpenak emateko agerraldia egiten uztea».
Bi ordu luze iraun zituen eztabaidak, eta hitza hartzen lehena Leire Artola Beasaingo ordezkaria izan zen: «Adostasun batera iristeko asmoarekin gaude hemen, uste dugu, ez gaudela ingurumen arazo baten aurrean, arazo administratibo baten aurrean baizik, eta mendiak iazko karga bera jasan dezakeela uste dugu. Eskatzen dugu, adostasun bidean jartzea, aurten abere karga horiek onar daitezela, eta datorren urtera begira, soseguz eta patxadaz adostasuna bilatzea».
Adur Ezenarro mankomunitateko lehendakariak hartu zuen hitza jarraian. Eskariak dioenez, erabakiak hartu dira zuzendaritza batzordetik kanpo, eta argitu zuen, «erabakiak ez direla legealdi honetan hartu, aurrekoan baizik». Larre eta txabolen ordenantza, 2016koa dela gogoratu zuen, mankomunitateko zuzendaritza, beste ordezkari batzuk osatzen zutenekoa: «Ordenantza hori, orain kexu diren haien botoekin onartu» zen. Zortzi aldeko bozka (Ordizia, Abaltzisketa, Amezketa, Arama, Lazkao, Altzaga, Beasain, eta Ataun) eta bost abstentzio (Zaldibia, Legorreta, Ikaztegieta, Itsasondo eta Baliarrain). Kontrakorik ez zen egon. Behin eta berriz errepikatu zuen ez duela ulertzen nola aurpegiratzen dioten ordenantza bat betearaztea.
Ordenantza guztiekin egiten den moduan, erakustaldi publikoan egon zela ere aipatu zuen Ezenarrok, «alegazioak egiteko aukera» izan zela, alegia, baina «ez Aralarko Baserritarren Elkarteak, eta ez ENBA eta EHNE sindikatuek, ez zutela alegaziorik aurkeztu».
Argitu zuen baita ere, 2021 urteko larrealdirako 134 eskari jaso dituela mankomunitateak. «Gehiengo zabalak ordenantza ondo bete» duela, eskari gutxi batzuk direla onartu ez direnak; «17 gutun bidali dira».
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta dagoen ordenantzaren nondik norakoak ere azaldu zituen Ezenarrok. Ordenantzak zehazten ditu, larreak ustiatzeko arauak, eraikuntza desberdinen definizioa, txabolen ezaugarri eta erabilera baldintzak, emakida eta horren xehetasunak, kanonaren ezarpena, kontzesiodunaren eskubide eta betebeharrak, eta azkenik, zigor jardunbidea.
Erreakzioak
Aitor Altuna Lazkaoko udaleko ordezkariak galdetu zuen, «hartu den erabakia hartzeko, zein txosten tekniko baliatu» den. Ezenarrok erantzun zion, «harritzekoa» zela hori galdetzea, «mankomunitatean ibilbide luzea» duen ordezkaria izanda, jakin beharko zuela «mankomunitean ez dagoela teknikaririk, eta ez dela inoiz egon, beraz, ez dagoela txosten teknikorik, ordenantza bat baizik». Hain zuzen ere, Altunak berak baiezko bozkarekin babestu zuena.
Jon Zubizarreta Abaltzisketako ordezkariak ere, baiezko bozka eman zion 2016an, larre eta txabolen ordenantzari, baina batzarrean onartu zuen, «inori gustatzen ez zitzaizkion ordenantzak onartu» zituztela. Gaineratu zuen, «ikusita zer nolako garaitan gauden, eta honek sortu duen zalaparta noraino iritsi den, apuntatu den ganaduari sarrera emateko, eta urte bat hartzea hau guztia moldatzeko». Esandako hori justifikatzeko, ordenantzaren 12. artikuluari erreferentzia egin zion, esanez, 12. artikulu hori, «agian, ez zela behar bezala jaso, eta akats horiek aitortu egin beharko direla». Ordenantza «berrikustea» ere proposatu zuen.
Iñaki Aizpuru Itsasondoko ordezkariak argi utzi zuen «ordenantza bat betearaztea ez dela erabaki politiko bat, ez helburu bat, baizik administrazioak bai hala bai egin behar duen zerbait» dela. Hortaz, ezin dela ulertu, «norbaitek zalantzan jartzea ordenantza bat betearazi behar den ala ez». Gainera, ordenantzek zehazten dutela, «Aralarko larre publikoak, ondare natural ere badirenak, abeltzainen artean nola banatu».
Zubizarretak aurpegiratu baitzion Aizpururi «zuzendaritzak beste asmo batzuk» dituela: «Mendiko karga murriztea da benetako asmoa» .
Aralarko Baserritarren bozeramaile Jose Inazio Elosegik, ordenantza betearaztearen «kontra ez» daudela argitu nahi izan zuen. Ordenantzak jasotzen duen horretan ulertzen dutela «orain arteko ganadua igotzen jarraitzeko aukera ematen duela, esaten duelako, neurri murriztatzaileak ganadu gehiegi dagoenean hartuko» direla. Beraz, hartutako neurriek, «zentzurik ez» dutela. Hortik aurrera, gai hori mahai gainean jartzeko «prest» agertu zen. Bukatzeko, esan zuen: « Ordenantzak orain besterik gabe betearaztea, mendiko abelburu karga murrizteko dagoen helburu horrekin zuzenki lotuta» dagoela.
ENBA sindikatuko Xabier Iraola Enirio-Aralarko historian sakonduz hasi zen, «1457. urtean ere, orduko ordenantzak betearazteko arazoak zeuden» eta mankomunitatearen bilakaera nolakoa izan zen azaldu zuen jarraian.
Ezenarrok erantzun zion, «hori oso ondo» dagoela, baina «faltan botatzen» zuela, ordenanantza erakustaldi publikoan egon zenean ENBAk alegazioarik egin ez izana.
Aurrerago bai, Iraolak EH Bilduk aurkeztu zuen Larre Antolaketa Plana ekarri zuen gogora, «ganadu kopurua murrizteko, eta basoa gehitzeko helburua du honek». ENBAko ordezkariak garbi du, ordenantza betearaztea, «plan horren bidean» jartzeko egin dela.
EHNE sindikatuko ordezkariarentzat gertatutakoa «kezkagarria» da; «gutunek motibazio politiko bat dute, zeren mendiak jasan dezaken abelburu kopurua, ez dago definituta». Bere ustez, ordenantzak esaten du, «proportzionalki igoko dela ganadua, zamak jasaten duen bitartean». ºAizpuruk segituan moztu zion: «Ordenantzak ez du horrelakorik esaten». Ordenantzaren 12. artikuluaren irakurketa desberdinak egiten dituzte batzuek eta besteek, eta horrek, dexente luzatu zuen batzarra.
Beste iritzi batzuk
Batzarrean izan ziren beste herritar batzuei ere eman zitzaien hitza. Kepa Kortak esan zuen «herritar den heinean, hitza duela», eta uste duela «Aralarren beste edozein tokitan bezala, arauak bete egin behar» direla. «Adostuta dauden neurriekin ados ez daudenak proposamenak egin beharko dituzte».
Legorretako ordezkari ohi bat ere izan zen batzarrean. Gogoratu zuen mankomunitatean ere ordezkari izan zela aspaldi, hain zuzen, «1984. urtean hasi zirela ganaduzaleekin zegoen anarkia ordenean jartzen», eta orduan «sua piztu» zela. Beste gauza batzuen artean nabarmendu zuen, «oso garrantzitsua» dela, «oreka» bat bilatzea, «esplotazio sozio-ekonomikoaren eta inguru balioaren artean». Kontutan hartu behar dela gainera, «larrialdi klimatiko larrian sartuta» gaudela.
Landarlan elkarte ekologistako ordezkariak ere hartu zuen hitza, mankomunitateari eskatzeko «ordenantza betearazteko», baina «ordenantza berrikusi behar» dela, eta espero dute, bide horretan «ekologistei ere entzutea». Gehitu zuen mankomunitatearen helburua ezin dela izan bakarrik larreen kudeaketa, «ingurune larrialdian gaude eta natur balioen aurka ezin da joan».