«Ingeniaritzako problemak askatzerakoan azaltzen dira»
Mujika (Zegama, 1967) 'Made in Goierri' zikloko lehen hizlaria izango da. Pi, e eta i zenbakiak deskribatuko ditu eta beraien inguruko apunte historikoak emango ditu.
Pi, e eta i zenbakiak dira nahiz eta hizki bidez adierazi, ezta?
Pi eta e zenbaki arrazionalak dira eta i-ri zenbaki imajinarioa esaten zaio, ezin delako kalkulatu modu errealean.
Zenbaki irrazional hauek naturan daude?
Pi zirkunferentziarekin eta zirkuluarekin erlazionatuta dago. E erlazionatuta dago, adibidez, espiral logaritmikoa esaten zaionarekin: eguzki-lorearen hazien ordenak, Nautilusen formak… espiral formak dituzte eta horien ekuazio matematikoa e-rekin dago erlazionatuta.
I-ren kasuan eztabaida dago: XXI. mendean batzuk oraindik ez dute onartzen, zenbaki ezinezkoa delako. Erro minus bat. Baina adibidez, gure faktura elektrikoetan azaldu egiten da.
Zenbaki hauekin lan egitea sarri tokatzen zaizu?
Pi eta e askotan azaltzen dira. Ingeniaritzako problemak askatzerakoan, ekuazioak ebaztean, azaltzen dira. Beste modu sinpleagoan esanda, errealitatearen modelo matematikoak egiterakoan zenbaki hauek erabili daitezke.
Eta i askotan azaltzen da?
I oso erabilia da ingeniaritza elektronikoan, baina ni ingeniari mekanikoa naiz.
Nolakoa da zure egunerokotasuna?
Irakaslea naiz eta klaseak ematen ditut. Gero, ikerketa lanak ere egiten ditut. Nire ildoak material konpositeekin daude erlazionatuta, karbono zuntza eta halakoak. Kudeaketa lan batzuk ere egiten ditut, eskolako zuzendaritzan nagoelako.
Ingeniaritzaren lanak askotarikoak dira. Baina ingeniaritza, berez, gizakiaren beharrak asetzean datza zientzietako jakintza erabiliz. Hau da, zientziaren jakinduria gizakien beharrei aplikatzea. Edozein arlotan, biomedikuntzan, mekanikoan…
Zergatik erabaki zenuen zientzialaria izan nahi zenuela?
Ingeniaritza aukeratu nuen bokaziorik ez nuelako. Niri zientzietako irakasgaiak gustatzen zitzaizkidan, ondo moldatzen nintzen eta ingeniaritzak irtenbide askotarikoak zituen. Gehienbat horregatik, mundu hori gustatzen zitzaidalako.
Lemniskata sareko kidea ere bazara.
Goio Lekuonak eta Jose Luis Etxezarretak egin zuten planteamendua gustatzen zitzaidan. Kultur ekitaldiak, askotan, antzerkiarekin, bertsolaritzarekin… egoten dira lotuta, baina zientziarekin ez hainbeste. Baina zientzia ere kultura da. Bihar emango dudan hitzaldia ez dakit inori interesatuko zaion, baina pentsatu nahi dut egongo dela jenderik kuriositatea sortzen diotena halako gaiek.
Dibulgazio lana garrantzitsua da?
Bai, jendeari zientzia gerturatzeko eta ez dezan pentsatu ‘horrek ez du ezertarako balio’. Ideia hori eraldatu behar da. Ez dut uste erraza denik, kontrako jarrera asko daudelako eta frustrazioak ere badaudelako, matematikarekin bereziki. Beldur hori kendu behar da, ikasketa prozesua kate bat delako.
Lemniskatak gidatutako Made in Goierri zikloa hasiko duzu ostiralean. Bertako zientzialariak eta enpresak ezagutarazteko gunea da.
Lemniskatak aukera ematen die Goierriko jende gazteari, zientzialariei eta ekintzaileei, oholtza gainera igotzeko. Nire kasuan ez dut uste garrantzia berezirik duenik nire lana ezagutarazteak, baina hasten ari den jendearena interesgarria iruditzen zait.
Nolako hitzaldia prestatu duzu?
Pi, e eta i zenbakien inguruko apunte historiko batzuk emango ditut, zenbaki horien deskribapena egingo dut, pi-ren kasuan kalkuluaren azalpena ere egingo dut greziarren bere garaian egin zutenaren antzera… eta euren arteko harremanak eta fisikan eta ingeniaritzan nola azaltzen diren ere jorratuko dut adibide batzuekin.
Hitzaldia entzuteko fisikan edo ingeniaritzan aditua izan behar da?
Dibulgazioa da asmoa. Batxiler maila batekin nahikoa da, baina ez da beharrezkoa ere ez. Deskribapenak izango dira nagusiki.