Maixabel Lasaren bizitza zinemara eramango du Iciar Bollain zuzendariak
Blanca Portillo aktoreak jokatuko du legorretarraren rola. Pasa den astean hasi zen errodajea eta Gipuzkoako eta Arabako hainbat tokitan filmatuko dute.
Maixabel Lasa legorretarraren bizitzain oinarritutako filma egiten ari da Iciar Bollain zine zuzendaria. Hilaren 8an hasi zituzten filmaketak, eta datozen asteetan, Gipuzkoako eta Arabako hainbat tokitan jarraituko dute filmatzen. Gidoia Isa Campok egin du, eta aktore lanetan, Blanca Portillo (Lasaren rolean), Luis Tosar, Maria Cerezuela eta Urko Olazabal ariko dira, besteak beste. Zinema munduko izen ezagun gehiagok ere parte hartuko dute filmean, hala nola, Javier Agirre argazkilaritza zuzendariak eta Alberto Iglesias konpositoreak, hark jarriko baitio soinu banda. Iciar Bollain zinegilearen 11. filma izango da.
Filma benetako gertakarietan oinarritutakoa izango da. ETAk Juan Mari Jauregi Gipuzkoako Gobernadore Zibila eta Lasaren senarra zena 2.000 urtean hil zuenetik hasi, eta hamaika urte beranduago, ETAkide baten gutuna jaso eta harekin bildu zenera artekoak kontatuko ditu.
Bollainek azaldu duenez, “Maixabel Lasa erreferente bat bihurtu da Euskal Herria elkarbizitzarako egiten ari den bidean”. Eusko Jaurlaritzako Biktimen Harretarako Bulegoaren zuzendari moduan egindako lanagatik ezaguna bada ere, “ez da hain ezaguna 2011. urteko topaketetan izan zuen inplikazio pertsonala”. Zuzendariaren ustez, “badago zerbait oso gizatiarra Maixabelek egiten duen horretan: bere senarraren hiltzaileekin aurrez aurre jarri, eragindako sufrimendua azaltzeko, haiek bakarrik erantzun ditzaketen galderak egiteko, entzuteko benetan sentitzen dutela eragindako kaltea, eta haien hitzetan egiazkotasunik dagoen baloratzeko”.