Neguko ilar berria hasi da
Udaberria sentitzen hasi da dagoeneko. Ilarrak eta tipulin berriak aukeran izan dira, eguraldi ederrarekin egin den azkeneko Ordiziako merkatuan.
Hauster egunak ez du fama onik. «Beti feria tristea izaten da, gaurkoa inauteri festarik ez denez izan, ikusiko dugu». Esan digu iritsi orduko Ataungo Lurdes Zurutuzak. Jende gehiago ibili da, ondoko herriko muga zabaldu izanak ere laguntzen du. Eta eguraldi aldetik aitzakiarik ez. Goizean fresko 7 gradu, gero eguzkitsu eta atsegin. Eta gustuko dute hori barazkiek ere.
Berrien zerrendara eransteko ilarra ekarri bai tuten atzo Montesenekoak. Hauxe da merkatuko barazkirik garestiena baina baita preziatuenetakoa ere. Lehen kilo hauek 12 euroan koloa saldu dira leka eta guzti. Oraindik alea txikia badute ere, propio honelakoxeak nahi izaten dituzte sukaldari batzuk. Ohiko bezeroak prezioaren jakitun, alea handixeagoa denean errazago erosiko du. Dorian markako ilarra da metro eta erdiko altuera hartzen du landareak eta Patxi Izagirreren hitzetan, «urrian erein eta behin landareak 10 bat zentimetro hartu zituenean San Martin inguruan (azaroak 11) landatua da hau». Hezetasunarekin sufritu eta ez omen da hainbeste izango lehen biltze honetan behintzat.
Hauek negutegian eta oso goiz etorritakoak dira. Momentu honetan landarea bera ere salgai da aipatutako postu berean 0,20 euroan bakoitza. Izan ere, oraindik erein edota landatzeko garaian ere bagaude. Bakoitzaren ohituraren arabera lehentxeago edo beranduxeago erein daiteke, beti ere beroa ez duela gustuko kontuan hartuta.
Zerrenda luzatzen joan da. Datozen asteetan ardi gazta berria edota hazitako patatak laster aipagai izango ditugu.
Zozketa berriz abiatuta
Lore sortetan hori kolorea nagusi. Narziso lore sortak Axun Etxeberriaren postuan, erromero adar lore moredunekin osatuak 3,5 euroan sorta. Mimosa lore sortak ere bai hainbat postuetan.
Bi poltsa barazkiz beteak eta beste 4 erosketa orgatxo aukeran, erosketak egiterakoan betetzen den txarteltxoaren bidez irabaz daitezke. Gainera Ordizia markako modelo ezberdinetako poltsak salgai dira goi aldetik plazara sartzean ezkerretara jarritako postuan, Maider Arano D’elikatuz zentrokoa bertan.
Vesgako Ricardok azkena
Orain Sustrai, lehen Vesga fruta postuan 51 urte pasa ondoren, Ricardo del Riok erretiroa hartu eta ondorengoen jarraipena ondo ziurtatuta, aio esan dio asteazkeneroko feriako martxari.