Otatzako sagardogilea
Jose Antonio Iparragirre
Autengo sagardotegi denboraldia hasi berri den honetan (duela hilabete inguru), sagardogintzak berri txar bat jaso du: Zeraingo Otatzako Jose Antonio Iparragirre sagardogilea hil da. Atzo hil zen, 77 urte zituela. XIX. mendean eraikitako baserria da Otatza, eta beti izan dute dolarea bertan. Hasieran, baina, inguruko baserri askotan bezala, etxerako ekoizten zuten sagardoa. Jose Antonio Iparragirrek, aurrekoei ikasita, bizitza guztian egin izan zuen sagardoa.
Ezagutu zutenek azaldu dute gizon ausarta, langilea eta berritzailea izan zela. Ideia berritzaile horiek sagardogintzan aplikatu zituen. 1995. urtean, baserriko sagardoak inguruan zuen onarpen onari erreparatuta, Otatza sagardotegia ireki zuen. Harrezkero, Goierriko eta Gipuzkoako sagardogile nabarmenetako bat bilakatu da. 2018an, haren bizipenak jaso zituzten Joxemi Saizar eta Joseba Urretabizkaiak Sagardogile liburuan, beste 18 sagardogileren bizipenekin batera.