Goierriko udalei %10 gutxiago iritsi zaie Udal Finantzazio Funtsetik
Diputatuen Kontseiluak Goierrirako 45,7 milioian itxi du iazko UFFFren likidazioa, aurrekontua baino 5,1 milioi gutxiagoan. 2021ean 47,2 jasoko dute, %3,25 gehiago
Koronabirusaren pandemiak zerga bilketa eta, ondorioz, erakunde publikoen finantzabideak ere gaixotu zituela jakina zen. Kaltea zenbaterainokoa den jakin da orain. Finantzen Euskal Kontseiluak ostiralean itxi zituen EAEko hiru herrialdeetako 2020ko zerga bilketen datuak, eta 2019tik %9,8 jaitsi da. Horrek zuzenean eragin dio UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari, udalen diru iturri nagusiari.
Goierriko 23 udaletarako Ezkiok eta Itsasok bereiz jaso zuten iaz guztira 45.717.381,89 euroko likidazioa onartu zuen astelehen arratsaldean Gipuzkoako Finantza Kontseiluak, eta hala berretsi du Diputatuen Kontseiluak.
Ogasun eta Finantzetako foru diputatu Jokin Peronak hobekuntza gisa aurkeztu du datu hori. «Gipuzkoak espero baino emaitza hobearekin itxi zuen 2020a zerga bilketari dagokionean eta, ondorioz, hobekuntza horrek udalen finantzaketari ere mesede egin dio».
Begirada non jartzen den, ordea, aldatu egiten da perspektiba. Pandemiaren eragina kontuan hartuta, Finantzen Euskal Kontseiluak urrian egindako itxiera aurreikuspena baino hobea da, izan. Han oinarrituta, aurrelikidazioa ere egin die aurten lehen aldiz aldundiak udalei, eta Goierriko udalek 42,8 jasoko zituztela zehaztu zuten.
Azkenean, hori baino 2,9 milioi gehiago iritsiko dira (%6,82ko igoera aurrelikidaziotik). Otsailaren 25ean kobratuko dute dagokien portzentajea udalek, 2021eko UFFFren ordainketaren lehen zatiarekin batera.
Gainbehera %10
Pandemiaren aurretik aginduta zegoen kopurutik, ordea, 5,1 milioi euro erori da eskualdeko udalentzako foru finantzazioa: %10,11. Iazko urterako aurrekontua 50,8 milioikoa zen.
2021eko UFFFren diru-hornidura zehazterakoan, aurreikuspena tentuz egin du aldundiak. 47,2 milioi jasoko dituzte aurten udalek, 2020ko likidazioan geratu dena baino %3,25 gehiago (1,4 milioi gora), baina iazko aurrekontuan baino %7,2 gutxiago.
UFFF. 2020ko likidazioa eta 2021eko aurrekontua