Zumarragan EAGren eta ostalarien aldeko mozioak onartu dituzte
Sailburuari anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzeko eskatuko diote. Ostalariei laguntzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute
Zumarragako Udalak anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunearen (EAG) eta ostalarien aldeko mozioak onartu ditu, aho batez.
Osoko bilkura astearte arratsaldean izan zen eta plataformako kideek eta ostalariek ere parte hartu zuten.
Anbulatorioko EAGk Ezkio, Gabiria, Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako bizilagunei ematen die zerbitzu. Martxoan Osakidetzak EAG itxi zuen, koronabirusak sortutako larrialdi egoerari aurre egin ahal izateko. Urrian berriro ireki zuten, baina ez lehengo baldintzetan. Itxita dagoenean, pazienteak telefonoz artatzen dituzte eta Beasainera edo Zumarragako ospitalera bideratzen dituzte. Hori dela eta, herritarrek plataforma bat sortu zuten. EAG egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzea eskatzen dute.
EAGaren aldeko plataformak bi asteazkenetan behin kontzentrazioak egiten ditu eta hilean behin, berriz, manifestazioa. Azkeneko kontzentrazioa atzo bertan izan zen. Horretaz gain, alderdi politikoetako ordezkariekin elkartu dira.
Asteartean, zinegotziek plataformaren eskaerak bere egin zituzten: osasun arloko murrizketarik ez onartzea eta EAGren aurreko egoerara itzultzea (eguneko 24 orduetan irekitzea), eskualdearentzat funtsezko zerbitzua delako. Horretaz gain, Osasun sailburuari eta ardura duten erakundeei EAG egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzeko eman behar diren urratsak emateko eskatuko diete.
Osoko bilkuran hitza hartu zuen plataformako kideak eskerrak eman zizkien alkateari eta zinegotziei. «Pandemia murrizketak egiteko aitzakia da. Beasainera joan behar izan gara, Beasain gorriz markatuta zegoenean. Eta anbulatorioa oso garrantzitsua da, gainera, sendatzeko eta prebentzio lana egiteko. Funtsezko zerbitzua da. Ez da murrizteko garaia eta borrokan jarraituko dugu. Zuen babesa eskertu nahi dugu eta kontzentrazioetan eta manifestazioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu».
Alkateak eta alderdi ezberdinetako ordezkariek plataformako kideei eskerrak eman zizkieten egiten ari diren lanagatik eta mozioa alderdi guztiek onartu izana goraipatu zuten.
Ostalariak
Ostalarien mozioa ere alderdi guztiek onartu zuten. Mozio horretan merkataritzak, ostalaritzak eta turismoak egoera bereziki gogorra bizi dutela aitortzen da eta instituzioek ostalariei laguntzeko hartutako neurriak lagungarriak izan direla aipatzen da. Dena den, laguntza gehiago onartu behar direla onartzen da.
Hori dela eta, udalak gainontzeko instituzioekin laguntza gehiago adosteko konpromisoa hartzen du. Baita ostalariekin elkartzen jarraitzeko konpromisoa ere. Horretaz gain, dendariei eta ostalariei koronabirusari aurre egiteko egin dituzten inbertsioak ordaintzen laguntzeko konpromisoa hartzen du.
Ostalarien ordezkariak eskerrak eman zizkien udalari eta alderdi politikoei. «2021a oso gogorra izango da eta laguntza behar dugu. Etzazue gure miseria politika egiteko erabili. Elkartu zaitezte eta lagundu gaitzazue».
Obrak
Bi mozioez gain, udalak goialdeko urbanizazioaren bederatzigarren fasea Campezo enpresari ematea onartu zuen. Obraren aurrekontua 434.000 eurokoa da. Gainera, hiru milioiko mailegua eskatzea onartu zuen. Diru horrekin 2021eko inbertsioak ordainduko dira. Gai honetan EH Bildu abstenitu egin zen.
Bukatzeko, alkateak Urdaneta hiribidearen 16tik Artiz auzoaren 13ra irisgarritasuna hobetzeko egin behar diren lanen berri eman zuen. Espaloia berrituko da eta bi zebrabide altxatuko dira. Aurrekontua 241.000 eurokoa izango da.