'Osinberde, Zaldibiko ude' kanpaina aurkeztu dute
Zaldibiako etxeetara Aralarren jaiotzen den ura heltzen da eta udalak taberna eta jatetxetan ere iturriko ura kontsumitzeko kanpaina jarri du abian
Zaldibiako Udalak Osinberde, Zaldibiko ude kanpaina aurkeztu du Olakosaroin. Artxalgo ur biltegian, hain zuzen ere. Zaldibiarrek bertako ura kontsumitzen dute eta ez Ur Kontsortzioarena. Ur biltegian iragazkia jarri dute uraren kalitatea bermatzeko eta herritarrei tabernetan iturriko ura eskatzeko eskatu diete. Kanpaina hau ostalarien laguntzarekin jarri dute abian. Helburua herritarrak herrian duten altxorraz (ura) jabetzea da.
Udalak Osinberden jaiotzen den ura hodi bidez eramaten du Olakosaroinen dagoen ur biltegira. Bertan, kloratu eta herriko beste ur biltegi eta etxeetara banatzen da.
Zaldibiar asko Aralarren jaiotzen den ura etxeko iturrian jasotzeaz harro daude. Baita ur hornidura udalaren esku izateaz ere. Baina euri jasak zeudenean ur arrea sartzen zen hornidura sisteman eta honi konponbidea emateko iragazte sistema jarri dute. Gaztelu Iturgintza eta Euler enpresak izan dira sistema garatu dutenak.
Eztitxu Mujika alkateak eta Xabier Irastortza Ingurumen zinegotziak egitasmoaren berri eman dute gaur, Olakosaroiko ur biltegian bertan. Herritarrei bertaratzeko gonbitea luzatu diete eta bertaratu diren guztiei azalpenak eman dizkiete.
Iragazpen sistemaz gain, taberna eta jatetxetan herriko ura kontsumitzeko kanpaina aurkeztu dute. Herriko ostalariek udalak emandako pitxarrak jaso dituzte eta jatorduetan iturriko ura eskatzera animatzen dituzte herritarrak.
Horra hor udalaren mezua. “Inork ez du zalantzan jartzen kalitatezko uraren balioa, nahiz eta batzuetan ahaztu egiten zaigun benetan zer altxor daukagun. XXI. mendeko petrolioa izango dela ere aurreikusten dute adituek. Ur eskasiak arazo izaten jarraitzen du oraindik ere munduko leku askotan eta, klima larrialdian murgilduta gaudela, egoerak okerrera egingo duela agerikoa da. Zaldibian, Aralarren oinean, mendi barrunbeetatik jaiotzen den ura dugu bizigai: edateko, elikagaiak prestatzeko, garbitzeko, ekoizteko, jolasteko, ikusteko, entzuteko, ukitzeko… Amalurrak eman, guk hartu. Bestaldera ere behar du, ordea: guk eman eta amalurrak hartu. Zer? Balioa eman, zaindu, maitatu. Etxean bezala, herriko ostatuetan ere, eskatu Osinberde, Zaldibiko Ude”.