Maren Perezek eta Izaro Ramirezek irabazi dute liburutegiko lehiaketa
Urretxuko liburutegiak 50 urte beteko ditu eta orri-markatzaile lehiaketa antolatu du urteurrena ospatzeko. Lehiaketak arrakasta handia izan du eta ia 700 lan aurkeztu dira
Urretxuko udal liburutegiak 50 urte beteko ditu aurten eta urteurrena ospatzeko orri-markatzaile lehiaketa bat antolatu dute. Lehiaketak arrakasta itzela izan du, ia 700 lagunek parte hartu baitute. Sariak atzo banatu zituzten. 15 urtetik gorakoen mailan, Izaro Ramirez Ruizek lortu du saria. 14 urtera artekoen artean, berriz, lan onena Maren Perez Prietok aurkeztu duena izan da. Saritutako lanak eta finalera heldu diren gainontzekoak liburutegian ikusgai egongo dira aste osoan zehar.
Ramirezek 200 euroko erosketa bonua jaso zuen eta Perezek 100 eurokoa. Biek Urretxuko dendetan erabili ahal izango dituzte atzo jasotako bonuak.
Sari banaketa ekitaldian, irabazleez gain, Maialen Fidalgo zinegotziak eta Marisa Maestro eta Jokin Antoñana epaimahaiko kideek parte hartu zuten. Fidalgo oso pozik azaldu zen. «600 lan baino gehiago aurkeztu dira. Ia 700. Oso pozik gaude, bai lehiaketara aurkeztutako lan kopuruagatik eta baita lan horien kalitateagatik. Lanak aste osoan zehar ikusgai egongo dira».
Liburutegiaren historia
Urretxuko liburutegia 1971ko irailean inauguratu zen. Lehen liburutegi hura bere garaian kartzela izan zen udaletxeko aretoan zegoen. Lehen liburuzaina Segundo Calvo izan zen, ikastetxe publikoko maisua.
Radio Nacional de Españan Urretxuko liburutegiaren irekieraren berri eman zuten. Ez bereziki ederra edo handia zelako, baizik eta kartzela zegoen tokian egin zutelako. Kartzelak zapalkuntza eremu dira eta liburutegiak, berriz, askatasun eremu. Batean pertsonaren askatasun fisikoa mugatzen dute eta bestean pertsonaren pentsamendu askatasuna sustatzen dute. Liburutegia kartzeletako eremu askeena da eta liburuak presoak kartzelatik ihes egiteko dituen hegoak dira.
Urretxuko liburutegia kartzela zaharretik Juan XXIII ikastetxe nazionalera pasa zen. Ordurako, Eugeni Mallea zen liburuzaina. Mallea 1979an hasi zen liburutegian lanean. 1987an Koldo Argandoña elkartu zitzaion. Argandoña Juan XXIII ikastetxean hasi zen lanean, baina berehala liburutegia kultur etxe egin berrira pasa zen.
Hirugarren solairuan
Liburutegia Urrelur museoa dagoen tokian egin behar zen, baina azkenean hirugarren solairuan kokatu zuten. Liburutegia kultur etxean jartzea erabaki zuzena izan zen, herritarrak kultur etxe sortu berrira hurbiltzeko balio izan baitzuen. Baina hirugarren solairuan kokatzea hanka sartzea izan zen: kultur etxeak ez zuen igogailurik oraindik eta adinekoak ezin ziren liburutegira joan. Gainera, liburuak igotzea oso neketsua zen. Beste garai batzuk ziren…
Egungo tokira
1995ean Malleak erretiroa hartu zuen. 1998an, berriz, liburutegia egungo tokira pasa zen. Urte hartan bertan, Argandoñak Ane Arana liburuzainari pasa zion lekukoa.