Zaldibian herriko ura erabiltzeko kanpaina hasi da, sarea hobetuta
Taberna-jatetxeetan Osinberdeko ura zerbitzatuko dute, pitxarrean. Iragazte sistema hobetu dute Olakosaiko biltegian, euri jasetan ur arre kolperik ez sartzeko

Kalitateko goreneko ur baliabideak ditu Zaldibiak bere lurretan, Aralar menditik dariona. Neguan ere emari handiko iturburuak ditu. Osinberdeko putzutik bideratzen du herriak edateko ura aspalditik, eta «altxor» horretaz jabetzeko eta zerbitzua fintzeko lanak egin ditu udalak.
Osinberde, Zaldibiko ude lelo errimatuarekin aurkeztu zuten larunbatean Eztitxu Mujika alkateak eta Xabier Irastortza Ingurumeneko zinegotziak sustapen kanpaina. Etxeetan lehenagotik egiten den bezala, Zaldibiako tabernetan eta jatetxeetan ere botilatutako uraren ordez herriko ura eskatzeko eta kontsumitzeko ohitura zabaldu nahi dute.
Ostalariek ere bat egin dute ekimenarekin, eta dagoeneko pitxarretan eskaintzen dute Osinberdetik datorren ura, kanpainaren zigilu berezituarekin.
«Inork ez du zalantzan jartzen kalitatezko uraren balioa, nahiz eta batzuetan ahaztu egiten zaigun benetan zer altxor daukagun. XXI. mendeko petrolioa da. Amalurrak eman, guk hartu. Beste aldera ere behar du, ordea: balioa eman, zaindu, maitatu. Etxean bezala, herriko ostatuetan ere, eskatu Osinberde, Zaldibiko ude», azaldu zuen Mujikak larunbatean Olakosain dagoen Artxalgo ur biltegian.
Iragazki sistema hobetuta
Izan ere, larunbat goiza Artxalgo deposituan udalak egin dituen berrikuntzak erakusteko baliatu zuten. Herritarrak bisitan joan ziren. Osinberden jaiotzen den ura hodi bidez eramaten dute Olakosaiko ur biltegira. Bertan, kloratu eta herriko beste ur biltegi eta etxeetara banatzen da.
Edateko uraren zerbitzua eta sistemaren kudeaketa udalaren esku dago Zaldibian, eta «harro» agertu dira udal ordezkariak erabaki eta aukera horrekin.
Euri jasak egiten zituenean, ordea, ur kolpeen eraginez hornidura sistemara ur arretua sartzen zela eta, konponbidea emateko iragazte sistema jarri dute. Gaztelu Iturgintza eta Euler enpresek garatu dute.
«Ur-sistema hobetzeko udalak egina duen azterketaren baitan, lehentasunetako bat zen iragazte-sistema hau jartzea», dio udalak. Iaz onartu zuten Artxalgo deposituko filtrazioa hobetzea, eta abendutik martxan da.