Beasaini garaipenak azken unean egin dio ihes, bana berdinduta
Beasaini arauzko denbora amaituta sartu zion Sestaok berdinketaren gola, 93. minutuan, penaltiz. Etxabegurenek bizkaitarren aurrelariari garbi kendu zion baloia atzetik etorrita, baina epailearen ustez aurkaria lurrera bota zuen. Ez zen gehiagorako denborarik gelditu eta banakoarekin amaitu zen partida.
Lafuentek sartu zuen etxekoen gola, 58. minutuan. Artzamendik area kanpotik egindako jaurtiketaren aldaratzea heldu zitzaion bakarrik zegoela eta buruz burukoan eskuin hankako barnealdearekin ongi gainditu zuen atezaina. Denboraldiko bigarren gola du.
Txuri-urdinak hobeak izan ziren eta irabaztea merezi zuten. Puntua sari txikiegia da. Halere, 24 punturekin, bosgarren postuan mantentzeko balio die. Geroz eta eskurago dute lehen seiren artean amaitzeko helburua. Bigarren fasean, ordea, ez dira hutsetik hasiko, igaro diren taldeen arteko puntuak arrastatu egingo baitituzte. Epe luzera eragina izan dezakete jardunaldi honetan galdutako bi puntuek.
Goierri Gorrik, galdu
Goierri Gorrik 5 eta 3 galdu zuen Lakuaren aurka. Azken lau partidak galdu egin dituzte. Seigarren postura erori dira.
Atzean sendotasuna falta zaie. Gol gehien jaso duten taldea dira, eta azken lau partidetan hamabost gol jaso dituzte. Halere, sei partida daramatzate errenkadan gutxienez gol bat sartzen.













