Lazkaoko talogileek txaplaka jarraitzen dute
Aro berria hasi dute talogintzan. Asteburuan bi egunetan jarri dute postua Lazkaoko plazan, eta aurrerantzean ere festetan egoteko asmoa badute. Musika eta kultura ekimen batzuk laguntzea dute xede.
Urruti geratu da 2019ko San Tomas eguna. Lazkaoko Talogileek azkeneko aldiz plazan taloak egin zituzten eguna, Donostian. Mundua irauli da harrezkero, pandemiak hankaz gora jarri ditu festa-ohiturak eta gogoak. Baina talogileek berriz ekitea erabaki dute, taldea birmoldatuta eta gaztetuta. Ostiral eta larunbat iluntzeetan Lazkaoko plazan jarri zuten atzera postua, eta talo egin berriak saldu.
Talogintzarekin jarraitzea erabaki du belanaldi gazteago batek. Aurrekoek 35 urte egin zituzten plazarik plaza. «Herrian izena daukan kultura-ekintza bat izanda, heldu beharrekotzat ikusi genuen, eta historia honekin aurrera egitea erabaki dugu. Talde polita osatu dugu», azaldu du Jon Aizpuruak.
Hamabost edo hogei lagun elkartu dira. Beteranoak ere oraindik haiekin dira, «laguntza emateko». Gazteak, helduxeagoak, gurasoak… denetik batu dira talogileen talde berrira.
Aurkezpen herrikoia egiteko, Lazkaon inauteriak ospatu beharko ziratekeen astebukaera aukeratu dute. «Gazte asanbladak antolatzen dituen inauteriak orain beharko zuketen, baina ospatu ezin direnez, ukitua taloekin ematea eta gogoratzea pentsatu dugu».
Ferietan segitzeko asmoa
Herriko ospakizun, jai eta ekimenetan talogileek presentzia izango dutela aurreratu du Aizpuruak. Eta kanpora irteteko hitzordu batzuk ere zehaztu ditu: «Altsasun, Zumarragan, Donostian, Ordizian, azoka berezietan egongo gara. Lehengo ohiturekin segitu nahi dugu».
Musika ikastea finantzatzeko beharrez eta helburuz sortu zuten Lazkaoko Talogileen taldea, duela 35 bat urte. Neurri handi batean, zerbitzu hori musika eskolak asetzen du orain. Baina badituzte egitasmo gehiago buruan, taloekin ateratako dirua inbertitzeko. «Musika eskolak ez dauzkan tresnak ikasteko aukera eskaintzea da ideia bat: txalaparta, alboka… horrelakoak. Jendea ari zaigu galdezka. Edo zanpantzarrak».
Helburu hori garbi utzi du Aizpuruak: «Taloekin jasotako dirua aprobetxatuz, beste kultura-ekimen batzuk finantzatu».
Izurriteak izurrite, aldatu ez dena lazkaotarren taloekiko irrika izan da. Erosteko ilarak sortu ziren bi egunetan. Orain, gainera, aurrez Whatsappez eskaria egiteko aukera ere jarri dute, zain egon beharrik gabe.
Joaldun taldeak bigarren kalejira egin du
Talogile taldearekin estu loturik dagoen zanpantzarren edo joaldunen taldea ere sortu dute Lazkaon. Hamar-bat lagun ari dira arlo hori jorratzen. Gabon eguneko iluntzean, abenduaren 24an, egin zuten lehenbiziko kalejira. Bigarrena, lehengo larunbat eguerdian. Dunbak eta bestelako osagaiak erosten gastatutakoa, adibidez, taloekin finantzatuko dute.