Zaldibiako EAJk abstentziora jo du proposamen bakarra onartu zaiolako
Zaldibiako udal aurrekontuan abstentzioa eman izanaren arrazoiak argitu ditu herriko EAJren udal taldeak, eta aurkeztu zituen lau proposamenetatik bakarra onartu ziola udal gobernuak gaineratu du: Lazkaoko Beneditarren Fundazioak artxibogintzan egiten duen lana diruz laguntzeko eskaeran, hain zuzen.
Jaietako dirua 9.000 euro jaistea zen EAJren beste eskari bat, «ikusita iaz jaietarako partidatik dirua soberan egon zela eta arazorik gabe iritsi zela Uda bizia, Udazken bizia, Negu bizia eta mondejuen bidez ostalaritzari laguntzeko bonuak ateratzeko».
Hobeki elkarteari urteko laguntza kentzea zen beste eskari bat, «inolako jarduerarik edo mugimendurik» ez zuela eta. «Urtero, hiru urtez 2.500 euro ordaintzen ari ginen, Zaldibiako herriari ezer eman gabe, sorrerako, erregistroko eta gutxi gehiagoko legezko gastuak izan ezik».
Premia larrietarako laguntzetan, berrriz, 14.091 euroko funtsetik (udalak 10.000 jarrita zituen, jaurlaritzak 4.091), 20.000ra igotzea proposatu zuten; «eta udalak bere baliabideen aldeko apustua egin dezala larrialdiei aurre egiteko inoren laguntzarik itxaron gabe».
Etxez etxeko laguntza zerbitzua hobetzeko, 8.731 euro bideratzea zen beste eskari bat.













