Ereiteko patata prest, lurra hotz oraindik
Otsaileko azken honetan, natura pizten eta eguna luzatzen ari deneko seinale garbiak izan dira Ordiziako azokan. Batez ere, loreetan, landareetan eta ereiteko gaietan.
Batzuk etorri eta beste batzuk joan, bizia beraren balantza feriako mugimendura ere ekar daiteke. Zuhaitzak landatzeko edota txertatzeko garaia aurreratzen ari da, hala Beuntza Labaiendik abenduz geroztik sagarrondo landareak ekarri izan dituen Juan Gamiok etortzeari utziko dio datorren denboraldira arte. Oraindik ere txertoak egitekotan inor balitz Aramako Arantxa Zurutuzak berak prestatutako erretxin poteak salgai ditu 6 eta 10 euroan bakoitza, makina bat txerto egin daiteke pote bakarrarekin.
Bi hiru aste barru Ataungo Jon Etxeberria erlezainak ere azokako salmenta utzi eta erle zaintzari helduko dio buru belarri. Aldiz, etorri berria da Caparrosoko (Nafarroa) barazki ekoizle bikote berria, eta ekarri produktu berri dezente ekarri zituzten atzo, batzuek eta besteak.
Ereiteko 5 patata mota
Gaur egun Ordiziako azokara astero etortzen den beteranoena izango da ereiteko patata urtea joan, urtea etorri ekartzen duena, Juan Lacalle aguraindarra hain zuzen ere. Aurten beteko ditu 80 urte eta 66 daramatza hona astero etortzen. Zer kontatu ugari eta umore agorrezina du, azalpenak emateko beti prest da Lacalle, atzo patata aitzakian, argazkia lekuko.
Bost mota ditu aurten. Jaerla (goizekoa, laster muskiltzen dena) 1,1 euroan kiloa. Spunta (erdikoa) 1 euroan kiloa. Monalisa 1euroan kiloa; kantitate handirik ematen ez badu ere oso kalitate handikoa; Baraka 1,10 euroan kiloa (berandukoa hau ere) patata handia egiten da. Eta salduena den Agria 0,9 euroan kiloa (berandukoa); %80k hauxe eskatzen omen dute.
Lore koloreak ugaritzen
Plaza barruan Cydonia lehen Japoniarraren adarrak (2 euroan sorta), sahats adarrak (3 euroan sorta) eta ugaritu diren mimosa adarrak bista deigarri.
Bestalde lehen geranio, huntza eta surfiniak ekartzen hasi dira lore saltzaileak. Aukera polita izan zen atzo Azanza Zaldibiakoaren mahai gainean, oraindik garaiz dela jakinean izanik ere.
Bestalde Larsabik jakin arazi duenez arkumearen salmentak, bizirik pisatuta 3,15 euroan kiloa jarraitzen du eta Latxa arkumearen pack ezberdinak eskaintzen hasia da.