Itsasondoko Udalak 1.810.000 euroko aurrekontua onartu du 2021 urterako
Inoizko aurrekontu handiena izango du Itsasondoko Udalak. Miloi bat baino gehiago inbertsioetara bideratuko dute. 41 baserritara Ur Kontsorzioaren ura eramango dute
Itsasondoko Udalak 1.810.000 euroko aurrekontua onartu du, 2021 urterako, inoizko altuena. Iazkoa baino %41eko gehiago da. Milioi bat baino gehiago, inbertsioetara bideratuko dute: baserri guztiak sareko ur edangarriaz hornitu; jolastokia berritu; pilotalekuko sabaian plaka fotovoltaikoak jarri… Azpiegitura aldetik proiektu handiak datoz Itsasondorentzat. Baina bestelako proiektuetarako ere kopuru garrantzitsuak bideratuko dituzte; pandemiak eragin dituen gastuetarako eta gizarte laguntzarako, besteak beste.
Iragan urtarrilaren 25ean udal ordezkariek egin zuten udalbatzan onartu zuten 2021erako aurrekontua. EH Bilduk osatzen duen udal gobernuko 4 zinegotzien babesa jaso zuen proposamenak. EAJko bi zinegotziek abstentziora jo zuten.
Aurrekontuaren kopuruak igoera hain handia izatearen arrazoi nagusia, 41 baserrietara Gipuzkoako Ur Kontsorzioaren ura eramango dutela da. Baserri horietako lau, Ordiziako udalerrian kokatzen dira, beraz, Kontsortzioarekin eta Ordiziako Udalarekin batera egingo dituzte lanak. Informazio osagarri bezala esan, Eusko Jaurlaritzak herri txikietarako daukan Erein ekimenak 300.000 euro esleitu zizkiola iaz udalari, eta proiektuaren kostu osoa, 760.000 eurokoa izango da. Erein ekimenaren helburuetako bat da, landatartasun maila txikia duten landa-eremuetan bizi kalitatea hobetzea.
Energia komunitarioa
Bestalde, inbertsio garrantzitsu gehiago ere badaude. Hala nola, pilotaleku ondoko jolastokia berritzeko lehen fasea martxan jartzea izango da. Gainera, pilotalekuko komuna eta aldagelak irisgarriak egiteko lanak egingo dituzte. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailetik 30.000 euroko laguntza jaso du udalak.
Pilotalekuarekin jarraituz, hortxe emango da Itsasondoko Energia Komunitatearen eraketan lehen urratsa. Proiektu anbiziotsua da; urte gutxitan herritarren argindar behar guztiak herrian bertan ekoiztu eta komunitateak berak banatzea da helburua.
Hala, Nazio Batuen Erakundeak Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan ezarri zituen 17 helburuetatik bi betetzen laguntzeko: 7. helburua (energia irisgarria eta ez kutsagarria) eta 13. (klimaren aldeko ekintza). Bide horretan, pilotalekuko sabaian 50 kw-eko instalakuntza fotovoltaikoa jarriko dute.
Horrez gain, plazara ematen duen etxabe bat erosiko du udalak, herriko orotariko denda handitzeko, eta herritarrentzat beharrezkoak diren beste zerbitzu batzuk ere emango dira bertan. Aipatutako komunitatearekin batera, hau ere herritarren ekimenak bultzatuko du, eta auzolanean egingo dira lanak.
Beko Kaleren urtea ere izango da hau, izan ere, Elordiko zelaia erosi berri du udalak eta etorkizunera begira zer egin daitekeen erabakitzeko balioko duen hirigintzako plan partzialari hasiera emango zaio.
Beste proiektu batzuk
Murumendiko basoen egoera ekologikoa hobetzeko lanak egiten jarraituko du udalak. Horretarako, aurreko urteetan bezala, aurten ere, diruz lagunduko du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak. 25.000 eurokoa izango da laguntza. Egingo diren landaketetarako berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasoko dute. Eta gainera, Europako FEDER funtsen babesa ere lortu du proiektuak.
Besteak beste, aurten hasiko dira pago, haritz eta gaztainondoen inokulazioak. Onddo zurien eta bi boilur espezien mikorrizak erabiliko dira. Gainera, gaztainondoekin tratamendu bat probatuko da; hiltzen dituen gaixotasunaren aurkako tratamendua, hain zuzen ere.
Azkenik, baina aurrekoak bezain garrantzitsuak dira, gizarte arlorako bideratuko duten dirua, izan ere, laguntzak sendotuko dira pandemia egoerari aurre egiteko beharrezkoak diren gastuei aurre egiteko.
Eskola berriarenlanekin aurten hastea da asmoa
Bada beste proiektu bat, Itsasondon aldaketa handiena ekarriko duena: eskola berriari dagokiona, hain zuzen ere. Duela 11 urte hasitako herri-ekimena ontzat hartuz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola berria egitea onartu zuen iaz. Horretarako, udalak, eskolako ikasle-irakasle eta gurasoekin batera, aurreproiektu bat prestatu zuen, orain Jaurlaritzak onartu eta bilakatuko duena. Dagoeneko, udalak Jaurlaritzaren esku jarri ditu beharko diren lursailak, eta, orain, Jaurlaritzak deituko du proiektua egiteko lehiaketa.
Udalaren helburuak «eraikinberri bat eta bakarra eraikitzea, pertsona guztientzat irisgarria izatea, eta instalazio berriak gaur egun eskola kokatzen den lursailean kokatzea» dira. Donostiako RM Arkitektura estudioak egindako aurretiazko azterketaren arabera, «2.083.391,31 euroko aurrekontua» izango du. Ondo bidean, aurten hasiko lirateke lanak, eta 2022-2023an estreinatuko lukete ikasleek eta irakasleek eskola berria.