«Helburua teknologia berriak eta ikerkuntza transferitzea da»
Aldanondok (Lazkao, 1980) Lortek ikerketa zentroa herritarrengana hurbilduko du 'Made in Goierri' zikloan eskainiko duen hitzaldiarekin. 19:00etan izango da, Igartzan.
Nolako hitzaldia izango da?
Lortek sortu eta laster hasi nintzen ni lanean. Eboluzio guztia ikusi dut, hasiera-hasieratik gaur egun gauden zentroraino. Ideia da eboluzio horri buruzko ideia batzuk ematea, orokorrean. Eta gero nire ibilbide pertsonalean zentratuko naiz.
Goierritarrek ezagutzen dute Lortek?
Enpresek ezagutzen gaituzte, baina kalean asko ezagutzen ez den ikerketa zentroa da. Goierri eskola eta Mondragon Unibertsitatea aipatu eta kokatzen dute. Made in Goierri bezalako zikloak ongi iruditzen zaizkit, inguruan ditugun gauza onak erakustea eta ezagutzeko aukera ematea ongi dagoelako.
Lorteken zer egiten duzue?
Lorteken helburua teknologia berriak eta ikerkuntza industriara transferitzea da, eta gurekin lan egiten duten enpresei teknologikoki garatzen laguntzea. Horretarako, ikerketa eta garapena egiten dugu. Gure ikerketa garapen altuko teknologietara bideratuta dago, ez hainbeste oinarrizko teknologietara.
Goierriko enpresekin egiten duzue lan?
Lortek enpresen asoziazio baten bidez sortu zen. Eta hor, nagusiki, inguruko enpresak daude: CAF, Arcelor, Orkli, Eredu, Goierri eskola… denak Lortekeko bazkideak dira.
Enpresek I+Gri garrantzia ematen diote?
Enpresek egiten dute teknologia berrien aldeko apustua, baina beti ere beraien negozioan txertatzeko aukera ikusten badute, abantailaren bat emango dietela ikusten badute. Enpresetatik ez da bultzatzen etorkizunik ikusten ez zaion ikerketarik.
Enpresek eskatzen dizue teknologia zehatz baten inguruan ikertzeko ala zuek hasten zarete ikerketa lanetan eta gero joaten zarete eurengana?
Bi aukerak daude: enpresa baten beharrak garatzen saiatu jakinda berak zer behar duen edo internazionalki zer teknologia berritzaile dauden ikusi eta horiek enpresei eskaini. Horretarako, saiatzen gara enpresetatik gertu egoten, beharrak ezagutzeko. Munduan zehar guri interesatzen zaizkigun teknologiak eta sozio teknologikoak zer egiten ari diren jakitea ere gustatzen zaigu. Orain zailagoa da nazioarteko konferentzietara joatea, baina online bada ere kanpora begira jarraitzen dugu.
Nola egiten duzue lan?
Lehendik eginda dagoena aztertu eta horren gainean eraikitzen saiatzen gara. Oso teknologia berritzaileak badira ez dago non bilatu askorik eta hutsetik hasi behar izaten dugu. Baina badaude beste teknologia batzuk existitzen direnak eta neurri handiagoan garatu daitezkeenak. Halakoetan garrantzitsua izaten da teknologia non dagoen ikustea, bestela beti dagoelako arriskua bikoizketak sortzeko, lehendik eginda dauden lanak errepikatzeko.
Eta zu, nola hasi zinen ikertzaile lanetan?
Ingeniaritza teknikoa ikasi nuen, Mondragon Unibertsitatean. Lan munduan sartu nintzenean ikusi nuen ingeniaritza teknikoarekin formazioa eskax samar gelditzen zitzaidala. Orduan, ingeniaritza industriala egitera animatu nintzen. Karrera amaierako proiektua jada Lorteken egin nuen. Proiektua bukatu eta gero, ikertzaile gazteen formakuntzarako beka lortzeko aukera suertatu zitzaidan. Gainera, Sheffieldgo unibertsitatean (Ingalaterra) nire formakuntza osatzeko master bat egin nuen. Handik bueltan Lorteken integratu nintzen, lotura prozesuetako ikertzaile bezala. Lortekin eskerrak eman beharrean nago, aukera guztiak eskaini baitzizkidaten.