Lazkaoko 3. sektorerako 100.000 euroko laguntza plana bideratu du udalak
COVID-19aren eraginei aurre egiteko, laguntza suspergarriekin kopuru bikoitza sortzea espero du. Zortzi eremutan jarduteko asmoa dago, tartean industri ehunean eta kontsumo bonuetan
COVID-19aren bigarren urteari aurre egiteko, Lazkaoko Udalak berraktibatze plangintza osatu du herriko hirugarren sektoreari begira. Koronabirusaldiaren krisiak jotako zenbait esparrutara laguntza bideratzeko asmoa aurreratu du udalak, zehazki zortzi eremutan neurriak hartuta.
Ekonomikoki, udalaren diru kutxatik 100.000 euroko hornikuntza izango du suspertze planak. Eragina hirukoiztu egingo duela kalkulatu dute, batik bat erosketa bonuen bitartez 200.000 euroko salerosketa bolumena mugiaraziko delako. «Guztira 300.000 euro inguru mugitzea dago aurreikusia», azaldu du udalak ohar batean.
Herriko ehun ekonomikoa babesteko Suspertze Plana 2020ko maiatzean jarri zuen udalak abian, eta haren garapena da orain iragarritakoa, aurtengo. «Asmo handiko plangintza» dela iritzi dio Kepa Zubiarrain alkateak. «Egoeraren zailtasunaz kontziente gara, eta badakigu neurri hauek ez dutela batzuen egoera erabat asebeteko. Baina udalaren eskumenen eta baliabideen barnean, neurri oso garrantzitsuak dira».
Iazko partean, ekimen suspergarriek Lazkaoko hirugarren sektorean 251.118 euroko mugimendua suposatu zutela gogoratu du udalak: tasak ordaintzeko hobaritan 37.568 euro, establezimenduen egokitzapen inbertsioak finantzatzeko 35.500 euro, negozio berriak irekitzen laguntzeko 5.050, eta kontsumoa indartzeko bonuen kanpainan 173.000 euro. Aurten, eragina 300.000ra iristea espero dute.
Hiru ildo eta zortzi eremu
Zerbitzu, ostalaritza eta merkataritza arloek jasoko dute aurtengo laguntzen handiena. Baserritar ekoizleen eta hirugarren sektorearen ondoan, baita industriak ere, baina. Goiekirekin elkarlanean, pandemia ondorengo Lazkaoko ehun ekonomiko-industrialaren egoeraren diagnosia egingo du udalak, aldundiaren Berrabiarazi programaren barruan.
Ondoren, enpresa bakoitzak martxan jarri beharreko ekintza-plana zehazteko eta gauzatzeko, beste diru laguntza ildo bat bultzatuko duela dio udalak.
Suspertze Planean sartutako ekinbideen osagarri, «beharko balitz», neurri eta pizgarri gehigarriak hartzeko prest agertu da Zubiarrain alkatea. «Herriko ehun ekonomikoaren babesa, gizarte ongizatearekin batera, oinarrizko lehentasuna da udalarentzat».
2021EKO EKINBIDEAK
· Industria. Ehun ekonomiko-industrialaren diagnosia egin.
· Osasun neurriak betetzeko gastuetarako laguntza: gel, musuko, oihal… Gastuaren %60lagunduko da, 500 euro gehienez. Uztailaren 15 arte.
· Birmoldaketak. Neurriak betetzeko egindako lanak. Apirilaren 15era arte luzatua.
· Terrazak. Handitzen utzi. Ostalaritza tasen hobariak. Lehen seihilekoan terraza, olan, errotulu, zaborren eta urarenfinko tasarik ez. Ur kontsumo tarifa %40 murriztuko da.
· Negozioak. Berria irekitzean 500 euro; egokitzapenetan gastuaren %20, muga 1.250 euro.
· Kontsumoa. Merkataritzan bi sustapen kanpaina, bonuekin: udaberrian eta udazkenean.
· Baserritar ekoizleak. Erosketa bonuen kanpaina, udaberrian.