PSE-EEk ez du Urola Garaia mankomunitateko aurrekontua babestuko
Alderdi sozialistak EAJren eta EH Bilduren jarrera kritikatu du. "Desadostasunak eztabaidarako erabili behar dira, ez gainontzeko alderdiei erasotzeko".
PSE-EEko ordezkariek prentsaurrekoa egin dute gaur Zumarragan mankomunitateko asanbladan izango duten postura ezagutzera emateko.
Hasteko, Mikel Serrano Zumarragako alkateak EAJren jarrera salatu du. “2019ko aurrekontuarekin gaude, iaz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirelako eta EAJk ez zuelako argazkian EH Bildurekin atera nahi”.
Mankomunitatean alderdi guztiak gobernu direla eta denen parte hartzea bultzatu behar dela esan du. “Desadostasunak eztabaidarako erabili behar dira, ez gainontzeko alderdiei erasotzeko”.
EAJ eta EH Bilduk Elkarrekin-Podemoseko ordezkariak exekutibatik kanpo utzi izana ere kritikatu du. “Beraien gehiengoa erabili zuten Elkarrekin-Podemos exekutibatik kanpo uzteko, alderdi guztiek ordezkaritza eduki behar dutela dion arau ez idatzia hautsiz”.
Bestalde, joan zen ostiralean EH Bilduko ordezkariek Mankomunitatearen 2021eko aurrekontuei egin dizkieten ekarpenen berri eman zuten eta PSE-EEk ekarpen horien garrantzia gutxietsi du. “Beraien ekarpenak bezala aurkezten dituztenak, lehiakortasun estrategiaren barruan zeuden”.
Bukatzeko, Serranok gaurko asanbladan ez dutela aurrekontuen aldeko botoa emango aurreratu du. “Akordioetara heldu nahi dugu. Guztion artean gobernatu nahi dugu”.