Apirilaren 23an izango da 'Amaren intxaurrak' emanaldia
Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia atzeratu egin behar izan zuten, COVID-19 kasuen agerraldiagatik. Aurretik eskatutako sarrerak baliagarriak izango dira.
Idiazabalgo Udalak Oinherri Herri Hezitzaileak sustatzeko elkartearekin bat egin duela ospatzeko, Porrotx eta Marimototsek Amaren intxaurrak ikuskizuna eskaini behar zuten ostiralean. Udalak, baina, ikuskizuna atzeratzeko erabakia hartu zuen joan den astean, COVID-19 kasu positiboek astebetean nabarmen egin baitzuten gora herrian. Emanaldirako data berria zehaztu dute dagoeneko: apirilaren 23an izango dira Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan, liburuaren nazioarteko egunean. 17:30ean hasiko da. Porrotxek berak jakinarazi du udalaren sare sozialen bidez zabaldutako bideoan. Aurretik eskuratutako sarrerak baliagarriak izango dira.
Saio irekia etzi
COVID-19 kasu positiboen ondorioz, osteguneko Erroskilazaleen Kluba liburuaren ipuin kontaketa saioa ere atzeratu zuen udalak. Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleei bideratutako saioa zen egitekoa. Horretarako data berria ere ezarri dute: martxoaren 18an izango da, 17:00etatik 18:00etara, udaletxeko areto nagusian.
Ostegun honetan, etzi, aurretik zehaztuta zegoen kontaketa saio irekia egingo dute, 17:00etatik 18:00etara hori ere. Herritar guztiek har dezakete aldez aurretik izena emanda. Liburutegian eman daiteke izena.