Bakardadeari aurre egiteko, Zilarrezko Haria
Bakarrik daudenei eta sentitzen direnei zuzenduta, Zilarrezko Haria telefono bidezko laguntasun zerbitzua jarri zuen martxan Nagusilan elkarteak. Pandemiak zerbitzuaren erabilera areagotu egin du.
COVID-19ak areagotu egin ditu bakardade egoerak, bereziki pertsona nagusien artean. Kolek- tibo horrekin lan egiten duen Nagusilan boluntario elkartearen Zilarrezko Haria zerbitzua izan da horren lekuko.
Telefono bidezko laguntasuna eskaintzen du Zilarrezko Hariak, eta azken urtean asko hazi da zerbitzu hori erabiltzen duen jendearen kopurua, bikoiztu baino gehiago egin da. Pandemiaren aurretik 117 erabiltzaile zituen zerbitzuak, horietako %85 emakumeak eta %15 gizonezkoak; gaur egun 308 dira erabiltzaileak, %84 emakumeak eta %16 gizonezkoak.
Hazkunde horrek dei kopuruan ere izan du isla: COVID-19 agertu aurretik, 4.292 dei egin zituen Zilarrezko Hariak 2019an zehar; 2020an, 18.016 dei zenbatu zituzten, 6.925 ordu guztira.
Eta dei horiek egiten dituzten boluntarioak ere gehitu egin dira, eta 20 izatetik, 68 izatera igaro ziren pandemia garaian. Horien artean, Kutxa Fundaziokoak bezala, hainbat enpresatako langileak ere aritu ziren deiak egiten euren lan orduetan, pandemiaren une gogorrenetan. Gaur 46 dira boluntarioak, eta horien artean ere emakumeak dira nagusi, % 79.
Legazpiko boluntarioak
Legazpin Nagusilaneko zazpi boluntariok osatzen dute Zilarrezko Hariaren zeregin horretan azken hilabeteetan dihardutenen plantilla. Micaela Garcia, Mari Glori Martinez de Gereñu, Maribel Zumarraga, Charo Ciaran, Lurdes Zubeldia, Jon Amilibia eta Maite Ugalde dira boluntario horiek, eta beste batzuk formakuntza egiten ari dira, entzute aktiboa eta arazoak antzemateko teknikei buruz ikasteko, besteak beste. «Guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu egiten duten lanagatik», adierazi du herriko Nagusilan elkarteko koordinatzaile Asun Ugartek.
Lan hori nolakoa den azaldu du Micaela Garciak. «Zilarrezko Harian bidez telefono deiak jasotzea nahi duenak, aurrez izena eman behar du 900 713 771 zenbakian. Galdetegi txiki bat egiten zaie ondoren, euskaraz edo erderaz hitz egin nahi duten, emakume batekin edo gizonezko batekin, gustuko dituzten gaiak, deia egiteko komeni zaien ordua, eta horrelakoak zehazteko». Horren ondoren, zerbitzuaren koordinatzailea eskari horietara egokitzen den boluntarioa bilatu, eta harremanetan jartzen ditu biak.
Dei pertsonalizatuak
«Ordu erdiko deiak izaten dira normalean, eta astean behin egiten dizkiegu». Zerbitzua doakoa da, eta euren etxeetan bakarrik daudenei edo bakarrik sentitzen direnei, edozein adinekoak izanda, konpainia tartetxo bat eskaintzea da helburua. Solasaldi horiek anonimoak dira, eta «edozein eratako gaiak» jorratzen dituzte: mendia, familia, perretxikoak, futbola, sukaldaritza,astean zehar egindakoa, musika… «Gure asmoa Zilarrezko Haria geroz eta gehiago pertsonalizatzea da».
Eta Garciak, azkenaldian literaturaz ere hitz egiten du. Bere solaskideetako bati irakurtzea ikaragarri gustatzen zaio, eta horixe da bien arteko harremana bideratzeko haria. Liburu baten irakurketa adostu, eta amaitutakoan hari buruz hitz egiten dute, batzuetan idazlea bera ere tartean dela. Zilarrezko Hari literario hori zabaldu nahi dute orain.