Errigoraren udaberriko kanpainako eskaerak, martxoaren 4tik 24ra
Ostegunean hasiko da Errigora egitasmoaren 'Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura' kanpaina. Oliba olio birjinaz gain, pasta, arroza eta kontserbak ere eska daitezke.
Urtero udaberriaren hasierarekin batera Errigoraren udaberriko kanpaina hasiera izaten da. Ostegunean ekingo diote aurtengo Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainari, eskaerak egiteko epea irekita dago: Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra eta pasta, arroza eta kontserba sortak eskatzeko aukera izango da martxoaren 4tik 24ra bitartean, Internet bidez zein ohiko eskaera eta banaketa lekuetan.
Martxoan egingo dute eskaera herritarrek eta ondoren apirilaren bigarren hamabostaldian jasoko dituzte produktuak. Eskaera egiterakoan hautatutako gunean eta zehaztutako ordutegian jasoko dituzte. Eguneroko kontsumo ohituretan eragitea da kanpainaren helburua, eta ekoizleen jatorrizko prezioan saltzen dituzte produktuak, euskaraz etiketatuta. Eskaera online eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera izango dute eskatzaileek: martxoan eta apirilean. Eskudirutan izanez gero, berriz, produktuak jasotzerakoan ordainduko dute. Olio birjina estra 5 litroko bidoietan eta kontserbak 12 ontziko sortetan banatzen dituzte, urte osorako beste.
Lehen sektorea eta euskara
Euskal Herria oinarri duen ekimen herritarra da Errigora. Auzolanaren bidez, Nafarroako hegoaldeko lehen sektoreari laguntzea eta euskara ofiziala ez den Nafarroako zonaldeetan eragitea dute helburu, bertako elikagaiak zabalduz, euskaraz eta euskaratik.
Joan den urteko udazkeneko Euskarari puzka kanpainan, euskalgintzarako inoizko ekarpenik handiena lortu zuen Errigorak: 302.000 euro. Aurtengo udaberriko kanpainari itxura aldatuta ekingo diote datozen urteetako erronka berriei erantzuteko, irudia berritu baitute: «Sustraiak mantenduz, arbola haz dadin», zabaldu du komunitateak sare sozialetan.