Urretxuko Udalak gizarte arloko eta lehen sektoreko laguntzak onartu ditu
Gizarte arloko diru-laguntzak elkarteentzat, nazioarteko kooperaziorako, tasak ordaintzeko eta gizarte bazterketa saihesteko izango dira. Abeltzainek ere laguntzak jasoko dituzte
Urretxuko Udalak Gizarte Ekimena saileko diru-laguntza programak arautuko dituzten oinarriak eta abeltzaintza eta nekazal jarduerak mantentzeko diru-laguntzen oinarriak eta 2021erako deialdia onartu ditu.
Gizarte arloko laguntzei dagokienez, udalak lau laguntza ezberdin emango ditu: gizarte arloan lan egiten duten elkarteei zuzenduak (aurrekontua 15.500 eurokoa da eta urtero hamar bat elkartek jasotzen dute laguntza hau), kooperazio internazionala bultzatzea helburu dutenak (aurrekontua 55.000 eurokoa da), udal tasak eta zergak ordaintzeko laguntzak eta gizarte bazterketa arriskuan dauden familientzako diru-laguntzak (20.000 euro).
Kooperazio internazionala
Kooperazio internazionaleko laguntzei dagokienez, diru-laguntzen %80 garapen bidean dauden herrialdeetan kooperazio egitasmoak aurrera ateratzeko da, %10 herriko kooperanteei bekak emateko eta %10 larrialdi egoeretarako.
Bazterketa arriskuan dauden familientzako laguntzei dagokienez, etxebizitza, hezkuntza eta garraio gastuetarako ematen dira, besteak beste.
Urretxuko Udalak nekazari eta abeltzainei ere laguntzak ematen dizkie, lehen sektorea sustatzeko. 2021ean 5.000 euro banatuko ditu. Ustiategi bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu, gehienez.
Diru-laguntzak ugalketarako (15 euro abelburuko), behien lehen intseminazio artifizialerako (40 euro abelburuko), abelgorriei mikrotxipak jartzeko (40 euro abelburuko, gehienez), abelgorriei DNA probak egiteko (35 euro abelburuko, gehienez) eta albaitariari ordaintzeko izango dira.
Eskaerak deialdia Gipuzkoako Buletin Ofizialean publikatu ondorengo 30 egunetan aurkeztu behar dira.
Udalak laguntza ematea onartu eta berehala, abeltzainak diru-laguntzaren %75a jasoko du. Gainontzeko %25a fakturak aurkeztu ondoren jasoko du.