5.000 emakumek baino gehiagok eman dute izena Lilatoian parte hartzeko
Aurtengo egoera berezia den arren, Lilatoiak ez du hutsik egingo. Gaurtik astelehenera bitartean, Lilatoi birtuala ospatuko dute hainbat herritan. Oinez, korrika, nordic walking eginez edo handbike-a erabilita, 5 kilometro egingo dituzte parte hartzaileek, banaka, binaka nahiz taldeka. Rockthesport aplikazioaren bitartez erregistratuko dute emakume bakoitzaren denbora. Goierrin, Idiazabalen, Zaldibian eta Seguran lasterketa herrikoiak egingo dituzte.
Pandemia dela eta ohiko lasterketa ez egitea erabaki zuten Lilatoiko antotzaileek, eta korrikalari bakoitzak, beraz, norberaren herrian egingo du korrika. 5.000 emakumek baino gehiagok eman dute izena parte hartzeko. Lasterketa asteburuko edozein egunetan egin badaiteke ere, zenbait herritan egun bat finkatu dute emakumeak elkartu eta batera abiatzeko.
Entrenamendu saioak
Idiazabalen, hilabete inguru eman dute lasterketarako entrenatzen hainbat emakumek. Asteartero elkartu dira Igarondo pilotalekuan, eta entrenamendu saioetarako plangintza ere izan dute eskura jarduera fisikorik egitera ohituta ez daudenek, MugiMugi zerbitzuaren bidez. Igandean, martxoak 7, Aizan Idiazabalgo talde feministak antolatuta, lasterketa herrikoia egingo dute, zehaztutako ibilbidean. Igandean ere, Zaldibian eta Seguran egingo dituzte 5 kilometroak. Zaldibian 10:00etatik aurrera elkartuko dira, eta amaitzean ekitaldia egingo dute. Seguran, aldiz, 09:00etan elkartuko dira Alustiza futbol zelaian.
Legazpiko Olazabal BHI institutuko emakumeek aurten ere bat egin dute Lilatoi birtualarekin. 45 ikasle eta irakaslek hartuko dute parte.
Asteartean ere bai
Astelehena izango da Lilatoiko 5 kilometroak egiteko azken eguna. Halere, asteartean, martxoak 9, Izalbira paseoa Lilatoiko zirkuituan egingo dute, 11:00etan hasita. Beraz, izena eman ez duten eta nolabait parte hartu nahi duten idiazabaldarrek asteartean izango dute aukera Izalbira paseoa eginda, Lilatoia gogoan













