Hilaren 13an abiatuko da aurtengo Martxoan Bertsoa
Urretxu eta Zumarragako bertso eskolak Martxoan Bertsoa ekimena antolatu du aurten ere. Iaz pandemiak bete-betean harrapatu zituen eta hainbat ekitaldi bertan behera utzi behar izan zituzten, baina horrek ez die ilusioa zapuztu.
Aurtengo lehen ekitaldia hilaren 13an izango da. Unai eta Eñaut Agirre anaiek bertso jarri musikatuak ekarriko dituzte, Imanol Kamio musikariak lagunduta. Emanaldiaren izenburua Auskalo zeinek jarriak da. Ikuskizuna Urretxuko elizan izango da, 12:00etan.
Martxoaren 26an bertso eskolako kideek bat-bateko bertso saioa eskainiko dute. Saio «berezi» eta «dibertigarria» izango dela agindu dute. «Ikuslea Martxoan Bertsoaren urte luzetako ibilbidean murgilduko da eta artxiboan jasotako altxor txiki ugari ikusteko aukera izango dugu». Emanaldi hau Urretxuko Labeaga aretoan izango da, 19:00etan.
Azken emanaldia martxoaren 28an izango da. Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal antzerkilariak sortutako Erradikalak ginen ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Ikuskizun honek feminismoaren gaia jorratzen du eta bertsoa eta bakarrizketa uztartzen ditu. Emanaldia Zumarragako Zelai Arizti aretoan izango da, 12:00etan.
Emanaldi guztiak doakoak izango dira, bina gonbidapena beharko da. Gonbidapenak Urretxuko kultur etxean jaso ahal izango dira: larunbat honetan eta hurrengoan, 10:30etik 11:30era.
Hilaren 26ko eta 28ko emanaldien kasuan, gonbidapenak egunean bertan ere jaso ahal izango dira (ordu erdi lehenago eta emanaldiaren tokian bertan), beti ere ordurako agortu ez badira.