«Saiatu naiz mina marrazten»
Irati Goikoetxeak 'Herriak ez du barkatuko' eleberria aurkeztu du. Mina «ikusgarri eta ukigarri» egiteko ahalegina dela esan du, hitz egiteko. Igartza bekari esker ekoitzi du
Irati Goikoetxeak, 2019ko Igartza Literatura Bekaren irabazleak, Herriak ez du barkatuko eleberria aurkeztu du, bere lehen lan luzea. «Gehigarri bat eta bi zati» ditu, deskribatu du idazleak. Hasiera hasieran liburuaren korapiloa kokatu du: Oihanaren aitaren hilketa, ETAren atentatu batean. «Gainerako narrazioa korapilo horren hari solteak dira, josi ezean gaiztotu egin daitezken hariak: bakardadea, abandonua, indiferentzia, hutsunea, ahaztura, elkarbizitza…». Atentatutik 22 urte pasa diren arren, zauria zabalik dago oraindik eta Oihanak ez du horretaz inorekin hitz egiten; seme-alabei ere ez die ezer argirik kontatu, nahiz eta galderak egin egiten dizkioten. Ezustean, biktima ezberdinen lekukotasunak jasotzen dabilen antropologo baten deia jasoko du, ea berarekin bildu nahi duen. «Bahitua izan duen min edo sufrimendu hori askatzera behartua sentituko da».
«Saiatu naiz mina marrazten, forma ematen», laburbildu du. «Mina ikusgarri eta ukigarri egiteko ahalegin bat da», gaineratu du. «Eta, proposamen bat. Hitz egin dezagun minaz, terrorismoak, indarkeriak, giza eskubideen urraketek modu bidegabean eta ankerrean eta gaitzesgarrian eta onartezinean… eragindako minaz». Sufrimendua gizarteari hurbildu nahi dio. «Minak gizartearena behar du izan, nahiz eta ez den gizarteak eragindakoa. Bat egin behar dugu minarekin, jarrera humano eta aktibo batean». «Minak behar ditu bainarik gabeko erantzunak. Mina mina da. Ez dago partzialtasunerako tokirik».
Goikoetxeak aitortu du lan «iluna, beltza, gogorra» dela, baina idazten «oso ondo» sentitu dela, «gozo». «Argitasun handiko liburua da», egilearen esanetan. Argia eta «ederra». «Minari forma ematen saiatu naizen bezala edertasunari ere forma eman diot, sinisten dudalako oso ederrak garela. Baina edertasun hori jarrera aktibo baten bidez landu behar da».
Hirugarren pertsonan idatzi du. «Baina Oihanaren oso-oso ondotik aritu naiz. Eta gustatuko litzaidake irakurleak ere hurbiltasun horretatik irakurtzea. Uste dut hori dela mina ukitzeko modu bakarra, ulertzekoa, enpatizatzekoa. Kasu honetan irakurketa entzute aktiboa bihurtzea gustatuko litzaidake». «Ez jarri Oihanaren tokian, izan zaitez Oihana».
Izenekin jolasean ibili da. «Oroitze ariketa batean oso garrantzitsua da biktima guztiek bere izen-abizenak izatea. Izenaren bidez izana oroitzea». Oihanaren izena propio egindako aukeraketa da. «Miren, Edurne, Jurgi, Lucio edo Karmen izan zitekeen, baina nahita aukeratu dut Oihanari espazio hori ematea. ETA, GAL, poliziaren hilketak, mehatxuak, torturak… guztiek dute pisu bera, min guztiak ari dira berdinetik berdinera, elkarri begira». Bere aita da izena ez duen pertsonaia bakarra. «Kasu honetan erabaki dut izenik ez jartzea nahiko nukeelako Oihanaren aita gure aita izatea, belaunaldi berrien aitona. Sinetsita nago biktimek gizartearenak izan behar dutela».
Esker oneko hitzak
«Irakurri duenetako batek aipatu dit amaitu ostean ilunabarra ikusteko beharra zuela. Polita da liburu batek eragitea. Hori lortzen badu, pozik», esan du beasaindarrak. «Hutsuneak estali gabe, aztertuz, haserre mendiak eskalatzera datorren liburu bat dela ere esan didate. Eraiki ditzala bide berrien proposamenak».
Eskerrak eman dizkie Josu Penades lehen irakurleari, Irune Izquierdo ilustratzaileari eta Ekaitz Goikoetxea «anai eta lagunari», «beti hor egoteagatik».













