Itsason zuhaitzak landatu dituzte herritarrek, udalak erositako lur sailak berreskuratzeko
Sei motatako 50 zuhaitz landare sartu dituzte itsasoarrek gaur goizean, San Lorentzo ermita aldeko malkarretan. Itsasoko Udalak iaz erosi zituen sail horiek, eta bertako basoa eta biodibertsitatea zaintzeko proiektua ari dira garatzen Aranzadi zientzia elkartearekin.
Itsasoko herria urrats garrantzitsuak egiten ari da ingurumenaren berreskurapenean eta biodibertsitatearen aberastasunean. Zuhaitz Eguna dute gaur, eta 23 herritarrek arbolak landatu dituzte. 50 landare sartu dituzte San Lorentzo ermita aldeko lurretan, sei motatakoak: gereziondoak, gaztainondoak, lizarrak, ezkia… eta haritzak gehienak.
Aranzadi zientzia elkarteko Mikel Etxeberria aditua izan dute lagun, eta ingurumen gaietan gidari. Izan ere, proiektu sakonagoaren parte da gaurko landaketa. Batetik, ahalegin aipagarria egin du Itsasoko herriak lurrak publikotzen. Iaz, Itsasoko Udalak 10,5 hektarea lur erosi zituen, eta bigarren fasean beste 3 hektarea erosteko diru hornidurak izendatuta daude. Denera, 12 hektarea lur izango ditu Itsasok.
Kaskotik San Lorentzo ermitarantz begiratuta, basoa botata eta soilduta dagoen mendi-bizkar gehienaren jabe da herria orain. Hain justu, han egin dituzte gaur itsasoarrek landaketak, lehengoan haurrek egin zuten bezalaxe. Eremu hori bertako basoz eta landarediaz berreskuratzea da asmoa.
Lur erosketen eta landaketen muina, izatez natur ondarea berreskuratzeko proiektuaren barruan dago. San Lorentzo aldeko aldaketez gain, Kizkitzan ere aktuazio bat egin dute: pagoak kimatu, eta itxituretan utzi dituzte moztutako adarrak. Haiek konpostatzen direnean, bertan pago landare gazteak sortzen lagunduko du horrek. Argiuneak biziberritzeko balioko du.
Bestetik, Alegian ere, Santa Lutzi errekaren ertzean haltzak aldatu dituzte.














