Jone Arrazola (Emagin): "Zainketa lanetan erromantizazio bat gertatzen da, maitasunagatik egin beharreko zerbait dela uste dugu"
Ataunen feminismoaren oinarrizko ikastaroaren bigarren eta azken saioa egin dute, gaur, Martxoaren 8aren bezperetan. Emagin elkarteko Jone Arrazola Maiztegik Euskal Herriko mugimendu feministaren erronkak eta etorkizuneko ikuspegiak jorratu ditu. Harrera ona izan du ikastaroak, eta zortzi laguneko taldea osatu da; denak, emakumezkoak.

Martxoaren 8aren testuinguruan, feminismoaren oinarrizko teorizazioak eta erronkak jorratu dituzte Ataunen azkeneko bi larunbatetan, sei orduko ikastaroan. Zortzi ataundarreko taldea aritu da, eta gaur bukatu dute lanketa. Emagin elkarteko Jone Arrazola Maiztegik hiru orduko saioa eman du Ataungo udaletxean, Euskal Herriko mugimendu feministaren erronkak aurkezteko. Laburbilduma bat egin dio Goierriko Hitzari, hasi aurretik.

Ataunen feminismo ikastaroan parte hartu duten herritar batzuk, gaur goizean. Jone Arrazola Maiztegi (Emagin), ezkerretik bigarrena. /Aimar Maiz
ELKARRIZKETA: Jone Arrazola Maiztegi (Emagin)
-Zer moduzko harrera izan du Ataungo ikastaroak?
Zortziko talde bat osatu da. Aurreko saioa oso ondo joan zen. Gainera, adin ezberdinetako emakumeak bildu dira; zaharrenak 70 bat urte izango ditu, eta gazteenak 18-20ren bueltan. Hori oso positiboa da, belaunaldi arteko elkarrizketa emateko gune edo aukera bat izaten delako. Harrera ona izan du ikastaroak, eta parte hartzeko gogoz eta haien iritzia eta kezkak konpartitzeko gogoz etorri dira. Beraz, plazera da hemen egotea.
-Aurrekoan marko orokorra aurkeztu zenuten. Gaur, Euskal Herriko mugimendu feministaren erronkak. Zeintzuk dira horiek?
Mugimendu feminista, zorionez, Euskal Herrian oso anitza eta zabala da. Orduan, oso garrantzitsua da tokian tokiko proposamenei begiratzea, abstrakzioetan galdu gabe. Oso ezberdinak dira hiri batean edo landa eremuan aurki daitezkeen berezitasunak. Ataunen, adibidez, zentzu horretan emakumezkoek badituzte libratu beharreko euren borroka propioak. Landa eremuan zerbitzu gutxiago egoteagatik, emakumezkoek zaintza lanak egiteko obligazio gehiago dituzte; edo indarkeria kasuetan ere, salatu eta hortik ateratzeko baliabide murritzagoak dituzte. Interesgarria da ikustea lekuan-lekuan bakoitzak zer errealitate daukan.
-Adibidez, eremu bat aipatzearren?
Emakumezko arrazializatuak, adibidez. Ataunen moduko herri euskaldunetan eta landa eremukoetan bizi duten errealitatea oso berezia da: hizkuntzarengatik, asko etxeko langile izateko etortzen dira mendi aldeko baserrietara, eta horrek dakarren isolamendua, sarerik ez dutela… Horiek guztiak dira gaur egungo mugimendu feministaren hemengo erronkak eta kezkak. Baina beste mila esan ditzaket.
-Partaideen aldetik, zer kezka azaldu dira? Orokorrak dira, ala tokian tokikoak? Badago denetan errepikatzen den hari komunik?
Hona hurbildu direnak kuriositatetik hurbildu dira, izan gazte, izan heldu. Emakume izateagatik, euren lekuan, etxean, familian, kalean, toki berezi bat ematen zaien susmoarekin etorri dira. Horri hitzak jartzeko eta ideiak jartzeko gogoz etorri dira. Ondoeza, zapalkuntza hori izendatzeko beharra dago, horretan trebatzeko beharra. Hori konpartitzen dute euren artean: agian betidanik jakin edo sumatu duten horri, zer izen jarri. Pertsonala baino gehiago politikoa da, komuna, eta emakumezkoak direlako dela esateko eta onartzeko premia dute. Askotan, guretik bizi dugu, ni-tik. Baina hau hori baino kolektiboagoa da.
-Zer sakondu nahi duzue aurtengo Martxoaren 8aren bueltan?
Sakondu nahiko nituzkeen bi gaiak, nik aukeratuak –beste batek agian beste bi aukeratuko lituzke–, bat zaintza lanena da. Nola gertatzen den erromantizazio bat, maitasunez egin beharreko zerbait den ustea. Eta horrek nola dakarren zerbitzu publikoetan ematen den zaintza gutxiestea. Erresidentziak, etxez etxeko zerbitzua eta beste zerbitzu pilo bat daude, egon behar dutenak, eta uste dut borrokak izan behar duela horiek duintzea. Batez ere familietako emakumeen karga arintzeko aukera izateko. Baina erromantizazio bat dago, eta uste dugu zaintzarik onenak familian ematen direnak direla, eta hori baino hobeto ezin dela zaindu.
Bigarren erronka, arrazakeriaren ikuspegitikoa da. Bi borrokak uztartu behar dira, batez ere emakume migranteen eta arrazializatuen egoerara iristeko eta horri konponbide bat emateko. Hori ere gure ardura da.