Kopako mina arintzeko sendagaia, ligan irabaztea Ampo Ordiziarentzat
Ampo Ordiziak 21 eta 15 irabazi dio VRAC Quesos Entrepinares liderrari Altamiran. Partida oso landua jokatu dute goierritarrek, eta bigarren zatiko defentsa gogorrari esker eutsi dio aldeari.

Ordiziari min eman zion aurreko asteburuan Espainiako Kopatik kanporatu izanak. Ikasgaia atera beharra zeukatela ohartarazi zuen Iñigo Marotias entrenatzaileak bukatu eta berehala. Baita atera ere. Ahalegin guztiak ligan jarri ditu orain Ampo Ordiziak, eta mahai gainean kolpea joz ekin dio bigarren itzuliari. Ohorezko Mailako lider VRAC Quesos Entrepinares talde espainiarrari 21 eta 15 irabazi dio.
Partida bakarra galduta iritsi dira gaztelarrak Altamirara. Ordizia, bere aldetik, etxean jokatutako sei partidak irabazita zegoen, lehen itzuliko denak. Goi mailako lehia espero zen, eta ez du hutsik egin espektatibak. VRAC hortzak erakutsiz hasi da, urduri antzera Ordizia. Hala, kanpokoak aurreratu dira, zigor kolpe batekin (0-3).

Ampo Ordizia-VRAC partidaren bukaera./FER
Baina berehala erantzun du Ampo Ordiziak, eta geroz eta sendoago, lerroak irekiz eta aurrera egiteko bokazioz hasi da jokatzen. 21. minutuan Imanol Aldanondok lortutako entseguarekin aurretik jarri da, Erlantz Garmendiak defentsa-lerroa hautsitako jokaldia burutuz. VRACek ere azken hitza esateko zeukan, eta beste entsegu batekin irauli du (7-8). Transformazioa huts egin du, ordea, eta sei minutu geroago Jorge Tomasen eta Valentin Cruzen entsegu-transformazioek 14-8 utzi dute atsedenaldiko markagailua.
Bigarren zatian, lana gogotik
Lasaitasun-tarte txikia, bigarren zatiko 17. minutuan handitu du berriro Jorge Tomasek, eguneko bigarren entsegua eta denboraldiko 9.a lortuta (entsegulari onenarekin berdinduta dago). Cruzek hagetan asmatu du, eta 21-8 eroso batekin kokatu da Ordizia, neurketako alde handienarekin.
Handik bukatu arte, defentsa sendoaren eta bikainaren errezitaldia eman du Ampo Ordiziak. VRACek hondoko marran sarrarazi du etxeko taldea. Baina hortzak estututa defenditu dituzte goierritarrek azken bost metroak. Sasoi puntua jaitsi gabe, serio eta hutsik egin gabe jardun dira defentsan. Arauzko denbora gaindituta zenean soilik lortu du VRACek entsegu marra gainditzea, eta transformazioa ere gauzatuta, 21-15 hurbildu ahal izan dira. Defentsako bonusa kendu dio, hori bai.
Ampo Ordiziaren aletik, Aitor Lasak gaur egin du debuta. Bigarren zatian atera du Marotiasek 1. lerroko 22 urteko gaztea, Getxon 5 urte osatuta iritsi berria.
Klubak, eguerdian, beste bi babesle aurkeztu ditu Altamiran: Garmendia Iturgintza eta Vasile Reformas etxeak.
Markagailua:
0-3 (12.m). Zigor kolpea VRACek.
5-3 (21.m). Entsegua Imanol Aldanondok.
7-3 (22.m). Transformazioa Valentin Cruzek.
7-8 (27.m). Entsegua VRACek.
12-8 (33.m). Entsegua Jorge Tomasek.
14-8 (34.m). Transformazioa V. Cruzek.
(atsedenaldia: 14-8)
19-8 (57.m). Entsegua Jorge Tomasek.
21-8 (58.m). Transformazioa V. Cruzek.
21-13 (82.m). Entsegua VRACek.
21-15 (83.m). Transformazioa VRACek.
Bukaeran: 21-15
Ordiziaren hasierako hamabostekoa eta aldaketak:
- Asier Orbea (Aitor Lasa, 49.m), 2. Ander Alberdi (Caylib Oosthuitzen, 49.m), 3. Vukile Sofisa (Diego Carvajales, 49.m), 4. Gorka Elosua (Asier Alvarez de Eulate, 47.m), 5. Kawa Leauna, 6. Aitor Olasagasti (Keegan Munro, 73.m), 7. Anthony Matoto, 8. Oier Goia, 9. Juan Manuel Lescano (Igor Genua, 47.m), 10. Valentin Cruz (Lander Mujika, 73.m), 11. Iñaki Puyadena, 12. Erlantz Garmendia, 13. Imanol Aldanondo (Joubert Englerbech, 47.m), 14. Lander Gomez, 15. Tomas Jorge.