Ehunka emakume berdintasunaren alde korrika Lilatoi birtualean
Aurten ere Lilatoia ospatzeko asmoz, lasterketa herrikoiak egin dituzte Segura, Idiazabal eta Zaldibian
Egungo egoera ikusita, emakumeek «euren burua berrasmatu» beharra izan dute «berdintasuna eta emakumearen ahalduntzea aldarrikatzen jarraitu ahal izateko», oraingoan «Lilaton, aurten ere ON!» lelopean. Pandemia dela eta Lilatoiko antolatzaileek ohiko lasterketa ez egitea erabaki zuten arren, korrikalariek norberen herrietan ateratzeko aukera izan dute asteburu honetan.
Goierrin ere ekimen hau babesteko asmoz, Segura, Idiazabal eta Zaldibian Lilatoi lasterketak egin dituzte gaur goizean. Goiz-goizetik giro ederra sortu dute Goierriko herrietan, izan ere ehundik gora izan dira herri bakoitzean parte hartu duten emakumeak beren eskubideen alde borrokatzeko asmoz. Parte hartzaileek 5 kilometro egin dituzte guztira, banaka, binaka nahiz taldeka, eta emakume bakoitzaren denbora Rockthesport aplikazioaren bitartez erregistratu dute.