"Emakumea: baserrian eta herri kirolean" ekitaldia egin dute
Baserrian lan egindako eta herri kiroletan aritutako emakumeei esker ona adierazteko ekitaldia egin dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan
Emakumearen nazioarteko eguna ospatzen dela eta, Urretxu-Zumarragako kirol elkarteak bere aletxoa jarri nahi izan du, “Emakumea: Baserrian eta Herri kiroletan” izenburupean egin duen ekitaldian. Elkarteko kideek emakumeei esparru hauetan duten eta izan duten eginkizuna eskertzeko asmoz, herriko emakume baserritarren testigantza eta istorioak jasotzen dituen bideo bat grabatu zuten otsailaren 2oan. Goizean hasi eta arratsaldera arte baserriz baserri ibili ostean, han grabatutako irudiak gaur publikoki erakutsi dituzte Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Herri kirolek baserriko lanetan dute jatorria, garai hartan baserritarren eguneroko lana zena jolas edo joko bilakatzeari esker sortu ziren hauek. Baserriak eta herri kirolek duten lotura estua dela eta, emakume baserritarraren aipamena egitea eta hau goratzea erabaki dute kirol elkarteko kideek: «Bera baita etxe guztietako ardatz eta euskarria, beti gogor lan egin duena eta egiten duena: baserri barruan, landa eremuan, kalean, etxeko pertsona eta animaliei jana emanez, etxea garbitzen, haurrak hezten, zainketa lanetan… Isilpean, kexatu gabe eta merezi duen errekonozimendurik gabe».
Otsailean grabatu zuten bideoa ikusi ostean, bideoko protagonistak oholtza gainera igo dira eta txalo artean jaso dituzte euren esfortzua eskertzeko asmoz egindako oroigarriak. Jarraian Gotzon Aranburuk grabatutako irudiak eta ekitaldian bertan jarri duten bideoa: