Artzain joateko aitzakia egokia
Enirio-Aralarko Mankomunitateak zortzi artzain txabolaren emakida publikoa atera du. Hamar urterako erabilera izango dute. 43 txabola daude Aralarren, artzaintzarako bideratuta.
Askok sarritan pentsatu izan dute, egunerokoaren zurrunbiloan irentsiaren kontrakoa izango den ustean: dena utzi, ardi batzuk erosi, eta artzain joan. Bada, pausoa emateko ausardia dutenek, oraintxe daukate benetako aukera, Aralarren. Enirio-Aralarko Mankomunitateak otsailean atera zuen mendiko zortzi artzain-txabolaren erabilera esleitzeko deialdia.
Mankomunitatearen arabera, libre geratu diren txabolak dira orain beste epe baterako izendatuko dituztenak. Emakidak edo kontzesioak 10 urte iraungo du, eta bitarte horretan, urteko euro apur batzuetako kanona ordainduta, artzaintzarako erabili ahalko dituzte eskaria egin eta onespena jasotzen dutenek.
Larre eta Txabolen Ordenantzak zehaztutako ardi kopurua larratu ahalko dute txabola bakoitzari dagokion saroian edo eremuan. 500na ardiko artaldea baimentzen zaio bakoitzari.
Maiatzetik aurrera
«Jabari publikoko ondasun baten erabilpen pribatibo izaeran duen kontzesioa» aplikatzen zaie Aralarko txabolei. Lizitazio publikoan esleituko ditu Mankoomunitateak. Datorren larrealdian bertan erabili ahalko dituzte emakida lortzen dutenek. Hau da, maiatzaren lehenean hasiko den udako larratze denboraldian izango lituzkete beren eskura.
Aralarko txabola zaharrenak 4.700 urte ditu. Kalkolitiko arokoa da, eta Aiatzio deritzon parajean aurkitu dituzte arkeologoek aztarnak. Historia luze horretan hamar urteko alea erantsi nahi duenak, Mankomunitateko buru egiten duen Ordiziako udaletxean ditu baldintzak.
Proposamenak aurkezteko epea gainerako 14 udaletxeetan eta postaz ere aurkez litezke martxoaren 17an amaituko da, eta biharamun eguerdian irekiko dituzte, Ordizian.