Autokarabanen arazoari irtenbide bat emateko bilera bihar, 19:00etan
Autokarabanen eta karabanen arazoari irtenbide bat emate aldera, bilera deialdia zabaldu du Ezkio-Itsasoko Zerbitzuetako batzordeak. Batzordeburuak ohar batean adierazi du mota horietako ibilgailuak «modu seguruan eta ordenatuan biltzeko leku bat» prestatzea dutela helburu, egunero mugitzen dabiltzan autoek «erosotasunez eta leku arazorik gabe» aparkatzeko aukera izan dezaten.
Bilera bihar izango da, 19:00etan hasita, udaletxeko bilera aretoan. Gaiaren inguruan hausnartzeko eta erabakiak bideratzeko izango da.
Sagardogileen bizipenak
Bestalde, Ezkio Itsason beste ekintza bat izango da larunbatean. Igartubeiti Baserri Museoak martxan jarritako Baserritik: Begirada bat gaurko baserriari egitasmoaren barruan, Amaia Ruiz de Galarreta aktoreak emakume sagardogileen bizipenak kontatuko ditu antzezlan baten bidez, 17:00etan museoan. Izena emateko museora deitu edo idatzi behar dute interesdunek. Gaur izango da azken eguna.
Emakumeen nazioarteko egunaren harira museoak antolatutako egitarauko bigarren eta azken ekintza ere izango da. Lehena astelehenean izan zen: Maite Retolaza Zeraingo Oiharte sagardotegiko eta nekazaletxeko jabearekin solasaldia. Museoko webgunean dago entzungai.













