Land.U prozesuan parte hartzeko deia egin diete Aizkorpeko emakumeei
Bailararen etorkizunaren eta emakumeek etorkizun horretan izango duten paperaren inguruko hausnarketa prozesua izango da. Martxoaren 22an bukatuko da izena emateko epea
Land.U izeneko partaidetza prozesua jarri du martxan Donostiako Impact Hub taldeak, Goimean elkartearekin elkarlanean, Aizkorpeko herrietako emakumeei zuzenduta. Proiektu hau, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna eraikiz programaren barnean diruz lagundua izan da. Etorkizunari buruz hausnartu eta helburu bateragarriak identifikatzeko prozesua izango da, lankidetzarako ekimenak garatzeko bideak sortzeko. Parte hartzeko izen emate epea martxoaren 22an bukatuko da. Impact Hub Donostiako webgunean eman daiteke.
Lau hilabeteko iraupena izango du prozesuak, martxotik uztail hasierara bitartean. Lehenengo saioa martxoaren 26an egitea aurreikusi dute eta hurrengoak apirilaren 16an, apirilaren 30ean, maiatzaren 14an, maiatzaren 28an, ekainaren 11n, ekainaren 25ean eta uztailaren 9an. Saio guztiak 17:00etatik 19:30era izango dira, Aizkorpeko bost herrietan, txandaka: Idiazabalen, Seguran, Zegaman, Zerainen nahiz Mutiloan. Lehenengoa, Zegaman izango da.
Bertako emakumeek zer nolako etorkizuna irudikatzen duten hausnatzeaz gain, etorkizunean emakumeek izan nahi duten paperaz kontziente izatea eta ahalduntzea garatzea izango dira lanketaren ardatzak. Bailarako beste eragile eta erakunde batzuekin lankidetza proiektuak sortzeko bideak aztertuko dituzte parte hartzaileek.
Erronka kolektiboak
Prozesua bideratzeko, «pertsonen, erakundeen eta gizartearen eraldaketa eta berrikuntza sustatzeko diseinatuta izan den gizarte-teknologia» bat erabiliko dute aldundiak ohar batean adierazi duenez: «U Teoria Boston-go Presencing Institute-ko kideek garatu zuten duela hamarkada bat eta gaur egun mundu mailan ospe handia duen metodologia eta ikuspegi teoriko-kontzeptual bat da».
Gizartearen erronkei eta beharrei «modu kolektibo, berritzaile eta jasangarri batean» erantzutea dute helburu eta hiru ezaugarritan oinarritzen da: nork bere burua eta ingurua ulertuz «burua zabaltzea»; norberaren, besteen eta gizartearen nahi, beldur eta minekin konektatuz «bihotza irekitzea»; eta «borondatea irekiz» ekintza eta ahalduntzea lortzea.